argia.eus
INPRIMATU
Dantzan jarriko ditu 10.000 kide Elkar+Ekin ekimenak, elkarteen lana ikusarazteko
  • Martxoaren 20an 50-70 herritako dantzariek “Martxa baten lehen notak” abestiaren bertsio bat dantzatuko dute, herri bakoitzak 3-4 minutuko tartez. Ostegunean aurkeztu dute Olatz Salvadorrek eta Bihotx taldeak eginiko bertsioaren bideoklipa, eta dantza pausoak ikasteko bideoak sarean daude.

Leire Artola Arin 2022ko martxoaren 11
Olatz Salvador eta Bihotx taldeak bertsionatu dute ekimenerako abestia.

Eibe elkartea urtarrilaren 2an egitekoa zen Elkar+Ekin Dantzan ekimena, baina pandemiaren eraginez martxoaren 20ra, hurrengo igandera, atzeratu dute. “Elkarteen lana balioan jarri, berauek zaindu eta berrikuntza ardatz izanik, herritarron parte hartzea sustatzen duen elkartea” da Eibe, eta oraingo honetan helburu horiek dantzaren bidez sustatuko dituzte. Euskal Herriko 50-70 herritako 10.000 lagun inguru dantzan jarriko dituzte, 11:00-12:30 bitartean, eta herri bakoitzak 3-4 minutuko tartea izango du berea egiteko.

Dantza taldeek hartuko dute parte, baina herritar orori irekita dago ekimena. Dantzako urratsen tutorialak sarean ikusgai daude nahi duenak ikasteko moduan, hiru eratara: euskal dantza urratsekin, mutxiko erara eta dantza garaikide estiloan. Antolatzaileen esanetan, hau da dantzaren xedea: “Elkarte eta boluntarioek gure gizartean duten garrantzia azpimarratzeko, elkarteak eta boluntarioak zaindu behar ditugula aldarrikatzeko eta herritarrak elkarteetan parte hartzera bultzatzeko egingo dugu dantza”.

Olatz Salvadorren eta Bihotxekoen erritmora

Ekimenari doinua jartzeaz Olatz Salvador eta Bihotx taldea arduratu dira, eta Mikel Laboa eta Joxean Artzeren “Martxa baten lehen notak” abestiaren bertsio bat egin dute. Ostegunean aurkeztu dute bideoklipa; musikariez gain, Eneko Gil, Aritz Salamanca eta Katalin Zarate dantzariek hartu dute parte bideoan. Hemen ikusi daiteke: