Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren: apaizak, irakasleak eta beste hainbat ogibidetako pertsonak. Horrela, herri oso bat bildu zen kolonian. Garaziko koloniaren inguruko hainbat kontu jasoak ditu Txomin Hiriart-Urrutik.
Haurren harrera-leku izanik, Gernikako Elai Alai dantza taldeko dantzariei ere eman zieten babesa bertan. Condor legioko hegazkinek Gernika bonbardeatzean Bilboko Villa Cuban batu ziren Elai Alaiko dantzariak aurrena, eta gero, Donibane Garazira eraman zituzten 40 bat dantzari. Aste batzuk beranduago batu zitzaien taldeko zuzendaria zen Segundo Olaeta.
Olaetarekin taldeak entseguei heldu zion. Eusko Jaurlaritzaren babes osoa zuten; taldearen emanaldiak nazioartean zabaltzea zen helburua, euskaldunen egoeraren berri izan zezan mundu osoak.
Dantza taldea berrosatu zen Ziudadelako haurrekin, jostunek jantzi berriak egin zituzten eta Olaetak hainbat bidaia egin zituen Zuberoara bertako dantzetatik edateko, helburua euskal kultura definitzea baitzen. 1937ko urrian, kolonian 4 hilabete pasata, Elai Alaiko 42 dantzarik Ziudadela utzi eta Parisera abiatu ziren.
Taldeak alde egin ondoren euskal kantu eta dantzak ez ziren desagertu, ordea, Jaurlaritzaren beste kolonietan bezala, diziplina horiek garrantzi berezia baitzuten. EAJk kolonia sistema propioa antolatu nahi zuen eta helburua zen bertako umeak “egiazko euskaldun” gisa heztea.
Haurrek egunero jasotzen zituzten dantza klaseak. Dantzaz gain, musika ere irakasten zieten. Garai hartarako berritzaileak ziren metodoak erabiltzen zituzten hezkuntzan, besteak beste, gogoetara eta kritikara bultzatu nahi zituzten umeak.
Dantzari esker hurbildu ziren Donibane Garaziko herritarrak haur errefuxiatuengana. Izan ere, hasiera batean, haurren etorrera ez zen guztiz ongi-etorria izan orduko gizarte tradizionalista eta kontserbadore hartan.
Pixkanaka, ordea, harremanak goxatzen joan ziren, eta horretan eragina izan zuen haurren ardura hiru apaizek izateak. Ikusi zuten haurrak egunero joaten zirela mezetara eta dantza ere izan zen lokarri.
Elai Alai dantza taldea berriz muntatu eta emanaldiak eskaini zituen Donibane Garazi eta inguruetan. Edozein zeremonia eta ekitaldi erlijiosoen ondoren antolatzen zituzten dantza saioak.
Emankizun haiek Nafarroa Behereko eta, orokorrean, Iparraldeko taldeetan eragina izan zuten. Inguruetako talde askok Elai Alairen kodeak eta errepertorioa bere egin zituen.
Iturriak: