argia.eus
INPRIMATU
Dantza, poesia eta erresistentzia

Joxi Ubeda Goikoetxea 2020ko apirilaren 05a

 

 

 

After-Egon | Onki Xin
Mauka Musikagintza, 2019

 

 

Freskoa eta bizia da Onki Xin taldearen proposamena, dantzagarria, gorputza mugiarazten duena, eta existentziaz eta gaur egungo bizimoldearen eta alienazioaren aurrean, gertatzen diren bidegabekerien aurrean izan beharreko jarreraz hausnartzera bultzatzen duena.

After-Egon: diskoaren izenburuak dion bezala, egotearen ondorena da taldea egiten ari dena. Egonean egon baino, jaiki eta borrokatu. Etsipenean murgilduta egon ordez musika arma bat bezala erabiltzen dute haien aldarrikapenak komunikatzeko, eta baita sentimenduak ere.

Salaketa, matxinadarako deia, erresistentzia poetikoa eta dantza politikoa. Haien hitzetan, poesia beharrezkoa baita, bizitzeko, maitatzeko eta begiak irekiarazteko. "Arnasteko, amesteko, ospatzeko, astintzeko, erretzeko, kolpatzeko, herria askatzeko”.

Aurreko diskoaren bidetik, After-Egon diskoan dauden lau kantek dance, disko musika, new wave, hip-hop, rock eta punk doinuen ukituak dituzte. Erritmo bizkorrak eta dantzagarriak eta melodia politak entzun daitezke, sampler, scratch, eta beste zenbait soinuz, zaratatxoz eta ñabardurez ongi jantziak, baina nabarmena da hori guztia findu, osatu eta hobetu dutela, urrats bat aurrera egin dutela haien proposamenarekin.

Taldea sortu zenetik abiada bizian ari dira, ezin dute geldirik egon. 2018an argitaratu zuten lehen diskoa (Biziko bagara erregeen buruak zapaltzeko izango da), eta urtebete eskasera, 2019ko udazkenean, bigarrena egin dute. Halaber, bi diskoak osatzeaz gain, jendaurreko emanaldi ugari egin dute orain arte, eta aurrerantzean egiteko beste asko hitzartuta dituzte, seguruenik. Ez da harritzekoa, beren kantuek adore eta kemen handia transmititzen dute, dantza egitera bultzatzen dute, eta emanaldiak ikusgarriak izaten dira.

Koronabirusaren izurritea dela eta, diskoa eskuratzea ez da erraza. Etxetik atera ezinda, jendaurreko emanaldiak bertan behera utzita, posta zerbitzuaren zailtasunak kontuan izanik... Eskuratu bitartean, internetez entzun daitezke kantuak, YouTube eta Spotify plataformetan.