argia.eus
INPRIMATU
Dantza filmak Euskadiko Zine Aretoen Elkartearen Saria jaso du
  • Euskadiko Zine Aretoen Elkartearen saria jaso du Telmo Esnalen Dantza filmak, Donostiako Kursaalen. Euskal zinemagintza industriari egindako ekarpena eta filmaren arrakasta, ibilbidea, kalitatea eta originaltasuna aitortu zaizkio Esnalen lanari. Aurreko urteko Zinemaldiko sekzio ofizialean aurkeztu ondoren, 42.000 ikusletik gora izan ditu Euskal Herriko zinema aretoetan. Mundu osoko hamar bat zinema jaialditan ere proiektatu da. 2017an Donostia Zinemaldian Glocal in Progress Industriaren Saria irabazi zuen eta 2018an Glocal in Progress Saria.

dantzan.eus 2019ko irailaren 25

Telmo Esnal zuzendaria, Txintxua Filmeko Marian Fernandez eta Paola Moto, eta Juan Antonio Urbeltz, Jexux Larrea, Fernando Aristizabal eta Iñaki Arregi Argiako kideak izan dira sari-banaketa ekitaldian. Esnalek saria jaso duen momentuan benetako saria filma egitea eta orain berriro dantzari lagunekin elkartzea dela esan du. Gehitu du orain pelikula ikuslearena dela, "Pelikulak gureak dira pantaila batean jartzen diren arte. Pelikula ez da nirea, ez da Txintxuarena, publikoarena da".

Urbeltzek dantzen sinbolismoari egin nahi izan dio keinua, pantaila handian ikusi ditugun dantza horien atzean dagoenari, "x izpien bidez grabatutako mundu tradizionala" ageri zaigula pelikulan esan du barrez. Marian Fernandez ekoizleak pelikulan kolaboratu duten teknikoei eta dantzariei eskerrak eman dizkie, "Juan Antonio Urbeltz eta Argia taldearen kolaborazioarik gabe lan hau aurrera eramatea ezinezkoa izango zen".

Euskal zinema aretoen kudeatzaileak 2015ean hasi ziren saria banatzen. Lehenengo urtean Loreak filma saritu zuten; 2016an Amama; hirugarren edizioan Juanba Berastegi zinemagilea omendu nahi izan zen eta aurreko urtean Handia pelikulari egin zitzaion aitortza.