Groenlandiar jatorriko 411 haur daude tutoretzapean Danimarkan, Gizarte Gaietako, Etxebizitzako eta Adineko Pertsonen Ministerioaren txosten baten arabera. Aitatasun eta amatasun froga psikologikoetan puntuazio baxuak lortzeko arriskua dute guraso groenlandiarrek, frogak ez baitira "ezberdintasun kulturaletara" egokitzen.
Akordioaren berri eman du Danimarkako Gobernuak ohar batean, Groenlandiako gobernu autonomikoarekin froga horiek "groenlandiar hizkuntza eta kultura aintzat hartzen dituen" planteatu ondoren: "Danimarkako eta Groenlandiako gobernuek groenlandiar jatorriko familiei froga psikologiko gehiago ez egitea erabaki dute guraso izateko gaitasuna ebaluatzerakoan".
Danimarkan hamarkadetan zehar egin izan dizkiete aitatasun eta amatasun frogak –danieraz forældrekompetenceundersøgelse (FKU)– groenlandiar jatorriko umeen gurasoei. Frogak, ordea, 2024ko azaroan Keira Alexandra Kronvold emakumearen kasuarekin egin ziren ezagunak: berriki eduki duen hirugarren umearekin ordubete igaro dezake soilik aste guztian, 2022an egin zioten FKU frogan "ea nahikoa zibilizatuta zegoen" galdetu ostean, The Guardian hedabideari adierazi zionez.
Gertakariak hautsak harrotu zituen nazioartean, eta gobernuz kanpoko erakunde ugarik salatu zuten froga horiek "arrazistak eta diskriminatzaileak" zirela. Louise Holck Danimarkako Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren arabera, frogek ez dituzte kontuan hartzen "hizkuntzaren oztopoak eta ezberdintasun kulturalak": "Akats horiek, muturreko kasuetan, haur bat bere gurasoengandik behartuta banantzea eragin dezakete".