argia.eus
INPRIMATU
Daniel Ortegak bozken %75 lortu du Nikaraguan lehen emaitzen arabera
  • Nikaraguako egungo presidenteak bosgarren agintaldia izango du, FSLN bere alderdiak lortu baitu babes handiena momentuz. Hauteskunde Auzitegi Gorenaren arabera, %64eko parte hartzea egon da. Hedabide batzuek zabaldu dute hauteslekuak hutsik egon direla.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 08a
Oposizioko kide ugari atxilotuta daude eta besteak erbestean; lehiarik gabe irabazi dute Ortegak eta Murillok. / Argazkia: Twitter.

Igandean Nikaraguako presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak egin dituzte, eta lehen emaitzak ematen ari dira. Daniel Ortega egungo presidentearen Nazio Askapenerako Fronte Sandinista (FSLN) alderdiak irabazi ditu bozak, espero zen moduan. Azken lau hilabeteetan oposizioko hainbat buru atxilotu ditu gobernuak. Ortega presidenteak eta haren emazte Rosario Murillo presidenteordeak botoen %74,99 lortu dute lehen kontaketen arabera. Hauteskunde Auzitegi Gorenak zabaldu ditu emaitzak eta, haren arabera, Alderdi Liberal Kontserbadorea izan da bigarren indarra, botoen %14,4 eskuratuta.

Nikaraguako herritarrek zein nazioarteko zenbait taldek salatu dute hauteskundeak “bermerik gabe” egin direla, eta iruzurra eta errepresioa sustatzea aurpegiratu diote egungo gobernuari. Costa Ricako Carlos Alvarado presidenteak igandean kaleratutako oharrean jakinarazi du ez dituela hauteskundeen emaitzak onartzen, “baldintza demokratikorik gabe” eta “pluralismo politikoaren bermerik gabe” egin direlako. Egun, Nikaraguako politikari asko Costa Rican daude erbesteratuta.

Abstentziorako deia

Oposizioak herritarrei dei egin zien hauteskundeak boikoteatu eta Ortegaren aginteari zilegitasuna kentzeko. Hauteskunde Auzitegi Gorenaren arabera, parte hartzea % 65ekoa izan da eta komunikabide ofizialistek zabaldu dute boto-emaileen joan-etorria etengabea izan dela. Oso bestelakoa da Nikaraguako beste hedabide batzuek eman duten informazioa. La Prensa-k, adibidez, hauteslekuetara jendea “tantaka” iritsi dela azaldu du. Egunkariak argitaratu duenez, Managua hiriburuko hautesleku batzuetan jende pilaketak eragin zituzten alderdi sandinistako militanteek, “itxura” egiteko boto emaile asko zeudela.

BBC agerkariak kaleratu duenez, CID-Gallupek urriaren erdialdean inkesta bat egin zuen. Oposizioak hauteskundeetara aurkezteko aukera izan balu, botoen %17 soilik eskuratuko zukeen FSLN alderdiak. Esanguratsua da galdekatutakoen %9k soilik duela gogoko egungo gobernua. Gainera, %76k uste du Ortegaren berrautaketak ez duela zilegitasunik.