Danele Sarriugarte idazleak euskaratutako David Thoreauren Walden liburuak jaso du Nafarroako Liburu Denden Elkartearen euskarazko libururik onenaren saria.
Henry David Thoreauren Walden (euskaraz Katakrak argitaletxeak plazaratua) "literaturaren lehen idazki ekologistetako bat da, kultuzko liburua XIX. mendearen amaieran agertu zenetik", epaimahaikideek nabarmendu dutenez eta Euskalerria Irratiaren webgunean jaso dutenez.
"Uste dugu bere prosa gaur egungo euskarara egokitzea benetako erronka izan dela, eta horregatik eman diogu saria", jarraitzen du argudiatzen epaimahaiak. Eta sariarekin itzultzaileen lana ere nabarmendu nahi izan dute: "Sariarekin ez dugu liburu honen itzulpena soilik goraipatzea bilatzen, baizik eta hainbeste itzultzaileren lan nekeza adieraztea, horiei esker literatura unibertsaleko lan hauek irakurle guztien artean parteka baitaitezke".
Gaztelaniazko atalean, saria Bibiana Candiaren Azucre lanarentzat izan da; eta liburu ilustratuena, Isabel Minhós Martinsen eta Bernardo P. Carvalhoren Atlas de los grandes viajeros y exploradores (Bidaiari eta esploratzaile handien atlasa) liburuarentzat.
Sariak martxoaren 25ean banatuko dituzte, 13:00etan. Arratsaldean, 19:00etan, mahai-inguru bat izango da, Euskalerria Irratiko kazetari eta Reyes Ilintxetak gidatua.