argia.eus
INPRIMATU
Danel Goikolea bertsolaria zendu da
  • Danel Goikolea bertsolaria eta herrigintzan engaiatua hil da, 52 urterekin, urtarrilaren 14an. Azken agurra urtarrilaren 18an egingo diote, Arrasateko Aldai parkean, 18:00etan hasita.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko urtarrilaren 18a

Danel Goikolea Arrasaten jaio zen 1969an eta Euskal Herrian lehenengoetakoa izan zen Almen bertso eskolako lehen belaunaldiko kidea izan zen. Patxi Goikoleak (Danelen aitak), Xanti Iparragirrek eta Joanito Akizuk jarri zuten martxan bertso eskola hau eta Danelekin batera aritutako lehen belaunaldi hartako izenak ezagun egingo ziren oso gaztetatik: Aitor, Iñaki eta Jon Sarasua, Arantzazu Loidi, Jon Iñaki Izarzelaia, Felix Iñurrategi... Gerora, Danel bera bertso eskolako irakasle aritu zen bailaran.

Danel Goikoleak 1980an egin zuen lehen plaza, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, Bertsolaritzaren Datu Basearen arabera eta azkenengoz txapelketan 1999an hartu zuen parte, taldeka egin zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan.

1980ko hamarkadan gazteen sariketetan

1980ko hamarkadan hainbat sariketetan parte hartu zuen Goikoleak: Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketetan (1981, 1982 eta 1986an), Xenpelar sarian (1984an eta 1986an), Pernando Amezketarra Herriarteko Txapelketan (1985ean), Lizardi sarian (1984an eta 1986an), Leintz bailarako txapelketan (1988an eta 1989an), Urruñan egin zen Errexil sarian (1988an) eta Ordizian egin zen Bertsolari Gazteen Egunean.

Bat-batean bota zituen bertsoetatik, hemen daude grabatuta geratu direnak. 1989an Leintz Bailarako lagunen artean txapelketa egin zuten, eta Eskoriatzako Apotzaga auzoko elkartean egin zuten saioan kantatu zuen Goikoleak. Hemen entzun daitezke Jon Iñaki Izarzelaiarekin batera osatu zuen ofiziokako saioa.

Bertsolari aldizkariak 30. zenbakia Almen bertso eskolari eskaini zion, eta bertan elkarrizketatu zuen Danel Goikolea Pako Aristik (hemen irakurgai, 88. orritik aurrera).

Danel Goikoleak jendaurreko azken bertsoak urtarrilaren 10ean kantatu zituen, bere maisu izandako Xanti Iparragirre zendu berriaren omenezko ekitaldian:

Txapelhandiak gure artean

eman du bere itzala

maisua izan zaitugu eta

ez da suerte makala!

Nola dantzatu erakutsiaz

bizia eta azala

ea guk ere egiten dugun

zuk nahi zenuen bezala.

Hitzak neurtzeko doaiarekin

etorria Añarbetik

etenik bako borrokalari

maite zenuenagatik

oraindik ere ikusten zaitut

so zaudela txapelpetik

argi handi bat piztu diguzu

sasi guztien gainetik.

Mondraberri hedabideak Danel Goikoleak herrigintzan egindako lana nabarmendu du. Esku langintzetan trebea izanik, hormiduriak, irudiak eta egiturak eraiki izan zituela euskalgintzarako eta herrigintzarako eta oso gaztetatik parte hartu zuela Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) eta Txatxilipurdi bezalako herriko elkarteetan. AEDko Hegoaxe taldean jardun izan zuen, Iparraldearekiko elkarlanan sustatzen, besteak beste, ikastolak konpontzeko auzolandegiak antolatzen.