argia.eus
INPRIMATU
Danborzaleak mugimenduak elkarretaratzea egin du Mutrikuko portuko proiektuaren aurka
  • Mutrikuko portuan egitear den proiektua gelditzea dute helburua. Proiektuak hainbat ondorio ekarriko lituzke Danborzaleak kolektiboaren hitzetan: dikearen luzatzea, kirol portuaren eraikitzea, hondartza eremuaren pribatizazioa, danborra eta ingurumen naturalaren suntsipenaren jarraipena. Eusko Jaurlaritzaren eta Mutrikuko Udalaren aldetik informazio falta eta isiltasuna sumatzen duela salatu du mugimenduak.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 29a
Mutrikuko protua. Argazkia: eibar.org.

Mutrikuko portuko obra 2004ean abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak eta obra bertan behera utzi eta urte luzez geldirik egon ondoren, aurtengo irailean berrabiarazteko asmoa du. Horregatik, herritar talde batek Danborzaleak mugimendua sortu du, portua berritzearen aurka egiteko. Abuztuaren 28an, elkarretaratzea egin dute “Dikea bai edo ez, erreferenduma orain!” lelopean.

Orain dela ia hogei urte ere herritar asko proiektuaren aurka agertu zirela adierazi du egitasmoak, lanak ordea aurrera eraman ziren 20 milioi euro xahutuz. Ekimenak azaldu duenez, orain dela gutxi jakin dute diru publikotik ia 20 milioi euro baliatu direla eta FCC Construccion enpresari esleitu zaiola lana. Hori horrela, plataformak erreferenduma eskatu du “egin nahi duten astakeria herritarrok batuta bakarrik gelditu dezakegulako”.

Egitasmoak gaineratu du, herritar asko ziur dagoela danborra — itsaso aldera dagoen azkeneko puntua—, piszina eta hondartza inguruaren erabilera murriztu edo debekatuko dietela. Horregatik taldeak dikearen luzatze lanak alde batera uztea eta orain dagoen zatia errematatzea eskatu du.