Igandean urte bat beteko da Naizen sartu eta “Morir en la calle en una ciudad con 14.000 casas vacías” titularra lehenengo aldiz irakurri nuenetik. Lehenengo aldiz diot, ordutik behin baino gehiagotan bilatu izan dudalako artikulua. Enegarrenez irakurri dut gaur, eta batere atseginak ez diren sentimendu eta sentsazioak pilatu zaizkit gorputzean oraingoan ere.
Donostiako Boulevardeko kutxazain batean igarotzen zituen gauak Yolik, beste hainbatek bezala (artikuluak dioenez, 89 pertsona bizi ziren iaz Donostiako kaleetan). Bertan hil zen, 2014an Espainiako Estatuko kalerik garestiena izendatu zuten Mirakontxa Pasealekutik kilometro eskas batera. Txanpon beraren bi aldeak, bata bestearengandik 1.200 metrora.
Danborrak hurrengo urterako gorde eta kultur hiriburutzaren inaugurazio ekitaldiari begira zegoen Donostia. 800.000 euro inguru gastatu zituen ordu erdi bateko ikuskizun horretan. Ezin zitekeen erabili diru hori herritarren benetako beharrak finantzatzeko?
Urtebete beteko denean, beste titular bat irakurri dut: “Amarako 84 urteko gizon bat ez kaleratzeko eskatu dute”. Asteazkenerako dago aurreikusia etxegabetzea. Patxi Zubiaurre donostiarra etxetik kaleratu nahi du Abacredit mailegu emaileak. Inongo ondasunik ez duen 84 urteko gizon bat, kale gorrian. Donostian dagoen espekulazioa isiltzea lortuko dute aurtengo danbor hotsek?
Iruditzen zait, udal-gobernuak “Demokraziaren Munduko Hiriburu” izendatu duen hiri honetan -eta Olentzeroren eredua hartuta-, danborra urrezkoa izan beharrean ikatzez egina balego, ez genukeela jakingo hautagai bakar bat aukeratzen…