Denbora oso arin doa; beldurra eta nekearekin batera, aste hauetan hori da nabarmendu dezakedan sentsazioa. Hala ere, krisiak eta shockak pairatzen diren garaietan, behin eta berriro errepikatzen da ekintzen abiadura handia. Informazio zurrunbilo batean erabat murgilduta bizitzea da normalena eta astea urtea balitz bezala sentitu daiteke. Zurrunbilo honetan, egoera leuntzeko administrazioek neurriak iragartzen dituzte. Osasunaren ondoren, ekonomia arloa izan da gobernu-ekintzen lehentasuna: enpresei diru-laguntzak erraztea, zerga ordainketak malgutzea…
Non daude administrazioek hainbestetan zaindu dituzten “merkatuak”? Non daude ekonomian estatuaren esku-hartzea kritikatzen dutenak? Harrigarria izan da ekonomian liberalak diren asko nola isildu diren, edo enpresen berreskurapena erraztuko duten neurriak aldarrikatu dituzten. Noski, horien artean ez daude ideologo doktrinalak, euren mundu mental paraleloan bizi baitira. Egoera larri honetan, argi geratzen ari da ekonomia liberalizatu batek, merkataritza askean oinarritzen denak, eta gastu publiko mugatua duen ekonomia batek ez duela aukera handiak pandemiaren aurka egiteko. Baita administrazioak ekonomian egiten duen esku hartzearen murrizketa zorrotz batek, zailtasun gehiago eragingo lukeela. Isilik daude. Alemania ere aurrekontu publikoen austeritate araua apurtzekotan dago. Argi dago egoera honetatik irteteko liberalak ere ez direla merkatuaz fio.
2008ko krisiak argi utzi zuen errezeta neoliberalen porrota; hala ere, Atzeraldi Handian era indartsuan aplikatu zituzten gure lurraldean. Beste arazo bat sortu da, eta berriro, egoera gainditzeko bidea ez da austeritatea; merkatuak ez du arazoa konponduko. Egoera honetatik irteteko merkatuen zain geratzen bagara, populazioaren %99ak jai daukagu. XXI. mendean, politika ekonomikoen gidalerro nagusiak idatzi dituzten teoria ekonomiko ortodoxoek errealitatearekin talka egin dute bigarren aldiz; austeritatea erabaki politikoa izan da klase sozial zehatz batzuen aurka erabilitakoa, klase borrokaren beste erasoaldi bat.
Horren adibidea osasun sistema publikoa izan da. Efizientzia ekonomikoaren izenean, gure osasun sistemaren enpresa pribatuaren funtzionamendua barneratu da, errentagarritasun ekonomikoa bilatzeko nahian, “garestia” zelako. Honen atzean dauden planteamendu neoliberalen ondorioz, oinarrizkoak ziren elementuetan aurreztu zen. Kostu-irabazia ekuazioak oinarrizko gizarte zerbitzu bat gidatu behar du? Argi dago ezetz, egunotan pairatzen ari garen egoera ikusita.
Azpimarratzekoa da gure “hazkunde ekonomiko sendoa” zein arin pikutara joango den; nola birus batek sistema ekonomikoa soken aurka jar dezakeen. Baina birusa ez da krisiaren sortzailea izan; izatekotan, lehergarria izango da. Nagusi den sistema ekonomikoaren mugak agerian geratzen ari dira. Erregea biluzik doa, azken bizpahiru urtetako hazkunde ekonomikoak agintariak itsutu ditu. Baina enpresen kontuen kolorea gorritik beltzera pasatzen zen neurrian, langileen egoerak ez zuen norabide bera hartu. Krisia gaindituta zegoela zioten, datu makroekonomikoek hala esaten zutelako. Ikusteke dago aurtengo datu makroekonomikoek zer dioten, baina ez da egoera batere ona izango. Urrezko aukera daukagu pertsonen aurkako ideologia ekonomikoak atzean uzteko; sasizientzia horietan oinarritzen diren politika ekonomikoak alderatzeko; pertsonak ekonomiaren erdigunean jartzeko.