Denok egiten ditugu gauzak oker bizitzan zehar, eta hori pentsatzeak lasaitu ederra ematen digu. Baina besteek egindakoa alde batera utzi eta norberak egindakoari heldu beharra dago. Izan ere, beti begiratu ohi diegu besteen akatsei gureak zuritu nahian. Guk egindakoak hain larriak ez direla sinestarazi nahirik gure buruari. Autodefentsa moduko mekanismo bat da hori, eta batzuetan hain ongi funtzionatzen du, ezen ahaztu egiten ditugun gaizki egindako guztiak. Ahaztea lortzen ez dugun kasuetan, berriz, gure garunaren soto ilun eta ezkutuenean gordetzen ditugu interesatzen ez zaizkigun oroitzapen horiek.
"Berriz ez egitea. Hori baita gakoa. Bestela ez delako benetako damua. Bestela ez delako ezer"
Hala ere, prozesu horretatik igarotzea ez da damutzea, mututzea baizik. Benetan damu denak, egindakoa onartzen du. Barkamena eskatzen du. Bere esku dagoen guztia egiten du egindako gaizkia edo mina sendatzeko. Baina are garrantzitsuagoa den betebehar bat ahaztu egiten zaie askori. Ahaztu egiten zaigu esan nahi nuen, barkatu. Berriz ez egitea. Hori baita gakoa. Bestela ez delako benetako damua. Bestela ez delako ezer.
Burua da kasu horietan ahalmen handiena duena. Buruak duen indarraren pareko ezer ez da existitzen. Burua uneoro ari da lanean. Bihotza bezala, bai. Baina burua egindako txar horregatik bueltaka hasten den unean azkartzen da bihotza, eta ez lehenago. Beraz, buruak ematen du lehen pausoa. Baina lehen pauso hori ez du beti ematen. Edo benetan behar dugunean bederen. Gaizki egitera goazen hori egin baino lehen, alegia. Hori baita unea. Buruak mezu zentzudun bat bidaltzea behar dugun momentua. “Ez, ez egin hori”.
Denak ez dira gaiztoak, ordea. Badago jende ona mundu honetan. Nahiz eta zoritxarrez, haiek izan gehien sufritzen dutenak. Izan ere, lehenago esan bezala, denok egiten ditugu hanka sartzeak, baita onenek eta beti gizalegez jokatzen dutenek ere. Eta azken horiek, zerbait txarto egin ondoren, mila aldiz damutzen dira. Buruari bueltak eta bueltak ematen dizkiote. Eta pertsona txarrei ez bezala, hauei ez zaie burutik ateratzen egindako kaltea. Eta hori ez da ona. Gehiegi damutzea ez damutzea bezain arriskutsua izan daitekeelako. Osasuna ere kolokan jar dezake. Ez ahaztu buruak indar handia duela. Eta gero, gehiegi damutu izanaz damutzeko berandu izaten da.
Zer da hobe, beraz, damu ala mutu izatea?