argia.eus
INPRIMATU
Damua garaiz

Jon Otermin Benito @jonmaya10 2021eko uztailaren 28a

Badator, beste behin, bakardadean asaldatzen zaituen sentsazio demonio hori. Ilunpean eta babesgabe, hor zaude, mamuak uxatzeko prest; zuk zeuk egindako fantasmak desagertaratzeko irrikan. Edonork nahiko luke bere iraganeko une zehatzak aldatzeko gaitasuna. Tamalez, bakoitzaren tormentua norberak bere gain hartu behar du, ingurua zipriztindu ez dezan.

Zergatik egin ote zenuen galdetzen diozu zure buruari. Batek daki, unean bertan ez baitzeneukan inolako zalantzarik. Bitxia da harri berean etengabe estropezu egiteko gizakiak daukan iaiotasuna. Ez al dugu egindakoaz ikasten? Batzuk mantsoegi, antza denez. Baina pena eta lamentu guztien gainetik, ez du ezertarako balio ederra egin eta gero buruari bueltak ematen hasteak. Eginari aurre eman.

“Ikasitakoa desikasten ikasi, ahaztutakoa ahaztu eta aurrera egin”, dio Berri Txarrak taldearen Katedral Bat abestiak. Teorian erraza badirudi ere, ez da lan makala orain arte errepikatu dituzun hankasartze guztiak bertan behera uztea. Emozioek, sentimenduek eta gisa bereko eragilek gure jokabidea markatuko dute, onerako edo txarrerako.

Errietak errieta, lagunen hitzek buruan diraute. Zure egintzak bezalaxe, azkenaldian ez dira deus aldatu, bat esan eta bestea egin duzulako. Nola ez dira egongo, ba, sumindurik? Eurek ezin hobe ezagutzen zaituzte. Nekaldia saihestu nahi izanez gero, beraz, kasu eman.

Damua, garaiz bada, hobe.