argia.eus
INPRIMATU
#Damolat proiektua abiatu du AEK-k hiriguneetako gazteen artean euskara indartzeko
  • Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak sustatu du proiektua eta helburua da euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioan gazteek aktiboki parte hartzea.

2021eko urriaren 05a

Ikerketa bat egin dute Bilbo Handiko gazteekin eta ondorioztatu dute euskarazko kulturarekin harreman txikia dutela nerabeek ingurune ez euskaldun horietan. Gainera, azpimarratu dute nahiz eta eskoletan euskarazko erreferente kulturalak dauden haurrentzat, horien falta dagoela nerabezarora igarotzean. 2020 hasieratik 2021eko udaberrira arte Bilboko, Portugaleteko eta Getxoko ikastetxeetan egin dute azterketa eta handik jasotako beharretatik sortu dute #Damolat unitate didaktikoa, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Unitatea dohainik hedatuko dute datozen asteotan eta euskararen sustapenean lan egiten duen profesional ororen esku utziko dute. Aurretik, ordea, Barakaldoko Minas ikastetxean egingo dute #Damolat egitasmoaren pilotajea. Proiektuaren xedea da nerabeek norbere euskarazko erreferenteak topatzea, horrela euskarazko kulturaren transmisioa bermatzeko. Izan ere, azaldu dute Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako gazte gehienek euskara jakin badakitela, baina erabileran ez dela hori islatzen.