argia.eus
INPRIMATU
Dakota Access oliobidearen enpresak ezarritako salaketa, Greenpeace desagerrarazi dezakeen mehatxua
  • 900 milioi inguru eskatzen dizkio Energy Transfer Partners enpresak Greenpeace erakunde ekologistari, 2016 eta 2017an oliobidearen aurkako protestetan kalteak eragin izana leporatuta. “Epaiketa honetan porrot eginez gero, Greenpeace justizia klimatikoaren aldeko borrokatik kanpo gera liteke”, adierazi du elkarteak.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 23a
2016 eta 2017 urteetan Standing Rocken izandako protestek nazioartean oihartzuna izan zuten.

Energy Transfer Partners (ETP) enpresa aurkeztutako salaketaren ondorioz egingo da Greenpeace gobernuz kanpoko erakundearen aurkako epaia. Enpresak 300 milioi dolar inguru eta kalte-ordain gehigarri bat eskatzen dizkio Greenpeaceri, guztira 900 milioi dolarreko ordaina ekar dezakeena, Le Mondek informatu duenez. 2016an eta 2017an Dakota Access (DAPL) oliobidearen aurkako protestetan kalteak eragin izana leporatzen dio. Protestek oihartzun handia izan zuten, oliobidearen proiektua egiterako orduan ez zituztelako kontuan hartu bertako jatorrizko herriak. Salatu zutenez, Mississippi eta Missouri ibaietan zein beren lur eta “eremu historiko eta sakratuetan” kalte larriak eragin zitzakeen oliobideak. Enpresak balizko kalte horiek ukatu zituen.

Enpresa amerikarrak SLAPP prozedura bat abiarazi zuen –parte-hartze publikoaren aurkako demanda estrategikoa– Greenpeacen aurka. Prozedura horrek denbora eta diru asko eskatzen duela adierazi du Greenpeacek, eta prozesua bera "zigor" bat dela. “Epaiketa honetan porrot eginez gero, Greenpeace justizia klimatikoaren aldeko borrokatik kanpo gera liteke”, adierazi du gobernuz kanpoko erakundeak. Epaiketa 2025eko otsailean eta martxoan egingo da; hala ere, Greenpeacek ziurtatu du erakundea "isilarazi nahi duten arren, ez dutela lortuko".

Frackingean jatorria

2016. eta 2017. urteetako protesten inguruko salaketa izan arren, oliobidearen kasua urrunetik dator, Greenpeacek informatu duenez. 2008a frackingaren –lurpetik erregai fosilak ateratzeko haustura hidraulikoaren teknika– boom urtea izan zen. AEB munduko petrolio ekoizlerik handiena bihurtu zen, eta industriak metodo errazagoa behar zuen produktua petrolio-findegietara eta munduko merkatuetara eramateko. Horrela, 2014ean DAPL oliobidearen proiektua proposatu zuen, petrolio gordina Ipar Dakotatik Illinoiseraino eta gero golkoko kostalderaino eramango zuena. Gaur egun, lurpeko 1.900 kilometroko oliobide horrek 750.000 petrolio upel petrolio garraiatzen ditu egunero .

Horiz markatuta, oliobideak zeharkatzen dituen indiarren erreserbak. Suge Beltza deitu zioten oliobideari, eragin zezakeen kalteagatik.

Matxinadari, errepresioa eta bortizkeria

Standing Rock sioux jatorrizko herriko kideek arbuiatu egin zuten proiektua, eta AEB osoko 300 triburen eta milaka ekintzaileren laguntza izan zuten oliobidearen eraikuntza geldiarazteko, Rafael Gonzales ekintzaileak ARGIAn kontatu zuenez. Matxinada hedatu egin zen 2016ko udaberrian, konpainiak erabaki zuenean petrolioak zeharkatuko zituela Missouri eta Mississippi ibaiak, Oahe aintzira eta Standing Rock sioux erreserbako lurrak. Mobilizazioak eta kanpalekuak antolatu zituzten, haien gorputzak obra makinen aurrean jarri zituzten, DAPL proiektuari milioika euroko galerak eragin zizkioten eta protestek nazioarteko arreta piztu zuten.

“Munduan utzi ditugun lorratzak suntsitzean, gobernuak herri bezala suntsitzen gaitu. Eremuok defenditu behar ditugu, bestela gure mundua amaituta dago. Petrolio konpainiari gure historia desegiten uztea, gure arbasoak, gure bihotzak eta arimak, ez al da genozidioa?”, adierazi zuen LaDonna Bravebull Allard-ek, lehen kanpalekua antolatzeko deia egin zuen andereak, ARGIAk jaso zuenez. ReZpect Our Water (Gure Ura Zaindu) amerindiar gazte erakundeak Standing Rocketik Washingtoneraino martxa egin zuen.

Mugimenduaren indarrak enpresa-buruak asaldatu zituen, eta AEBtako Gobernuak esku hartu zuen. “Polizia bortizkeriarekin eta errepresioarekin erantzuten hasi zen: gomazko pilotak, granada nahasgarriak, entzumena kaltetzen duten armak, borrak eta taser pistolak, besteren artean”, azaldu zuen Gonzalesek ARGIAn. Manifestarien aurka zakurrak erabili zituzten, baita ur-kanoiak ere, zeropeko tenperaturen testuinguruan. Gonzalesek salatu zuen proiektuaren atzean zeuden Enbridge eta ETP enpresek Tiger Swan bezalako mertzenario enpresak kontratatu zituztela.

Obamaren gobernuak moteldu, Trumpek berrabiarazi

2016ko uztailean, Standing Rock herriko ordezkariek demanda bat aurkeztu zuen oliobidearen onarpena blokeatzeko asmoz. Hainbat pertsona eta eragilek eskatu zioten Obamaren administrazioari baimenak blokeatzeko, eta bankuei proiektua finantzatzeari uzteko –BBVAk Standing Rockeko proiektuan 120 milioi dolar inbertitu dituela salatu zuen Gonzalesek–. Gonzalesen arabera Obamak proiektua moteldu besterik ez zuen egin, baina ez geldiarazi.

Presidente izendatzean, Donald Trumpen lehenengo erabakietako bat oliobidearen eraikuntza bultzatzea izan zen, eta 2017. urteko ekainean martxan jarri zuten. ETP enpresaren jabe Kelcy Warrenek 250.000 dolar eman zizkion Trumpen ihautagaitzeri bere lehenbiziko hauteskunde kanpainan, eta 10 milioi dolar bildu zituen 2020ko berrautaketa ahaleginerako, Greenpeacek salatu zuenez. ETPk Greenpeace eta beste talde ekologista batzuk salatu zituen, eta epaiketarako kontratatu zuen abokatuen bufetea Trump presidentearen bera izan zen.

Terrorismoa, iruzurra eta difamazioa egitea leporatu zien enpresak talde ekologistei, “mota guztietako aktibitate kriminalak”, ARGIAk jaso zuenez, “eko-terrorismotik” droga trafikoraino.

Polizia, Standing Rockeko ekintzaileen aurka. Argazkia: Global Justice Ecology

Ez diote borroka egiteari utzi

Oliobidea eraiki zuten arren, Standing Rock-eko protestak ez ziren eten. Egindako salaketen ondorioz, 2020an epaile federal batek ingurumen-inpaktu azterketa oso bat egiteko agindu zuen. Hala ere, ez zen bete oliobidea ixteko agindua. Gaur egun, sioux jatorrizko herria oraindik ere eskatzen ari da "Armadak oliobidea itxi eta ingurumen.inpaktuaren azterketa egoki bat egitea, eta ez erregai fosilen industriak prestatutako bat”.

ETPren salaketak dio Greenpeace izan zela protesten antolatzailea, eta ez sioux herria edo uraren babesle indigenak. “Demandak egin ez genituen gauzak leporatzen dizkio Greenpeaceri, eta defentsa publiko arrunta kriminalizatzen saiatzen da”, salatu du Greenpeacek.