24 orduren barruan hil dira azken biak: otsailaren 4 arratsaldean Santurtzin hil da hamaikagarrena, Zamakona ontziolan garabia gainera erorita. Eta otsailaren 3an Galdakaon hil da aurrekoa, GHI Hornos Industriales enpresan pieza bat gainera erorita. Sindikatuek lan istripuen oinarrian prekarietatea dagoela salatu dute.
Santurtziarra zen eta 60 urte zituen Bilboko Portuko langileak. Berak maneiatzen zuen neurri handiko garabia erori egin da.
Galdakaon GHI Hornos Industriales lantokian hildakoa Tecresa enpresako langilea zen, Laudiokoa eta 40 urte zituen. Otsailaren 4an bai Galdakaon eta bai Laudion elkarretaratzeak egin zituzten. LABek GHIren datu hau salatu du: "Enpresa honek 2018an irabaziak bikoiztu zituen eta onartezina da etekin ekonomikoak langileen segurtasun eta bizitzaren aurretik ezartzea".
Familiari elkartasuna eta babesa adierazi diote ELA eta LAB sindikatuek eta administrazioari eskatu diote kasuak ikertu eta erantzukizunak argitzeko.
ELA sindikatuak hau adierazi du: "Datu hau onartezina izanik Gasteizko eta Nafarroako Gobernuek eta baita patronal ezberdinek ere erreakzionatzea eragin behar luke, lan osasun eta segurtasunari enpresetan lehentasuna emateko eta lan istripu eta lan gaixotasunen oinarrian dagoen prekariatearen aurka neurriak ezartzeko".
LABek: " Onartezina da behin eta berriz istripu mota hau errepikatzea, oinarrizko segurtasun neurriekin ekiditu zezakeena. Nazkatuak gaude.
LABen argi dugu laneko indarkeriarekin amaitzeko lan eta bizitza duina bermatu behar direla, lanetik onik eta bizirik bueltatzea eskubidea dugulako. Ezinbestez eredu berri bat gauzatu behar dugu, enpresen etekinen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehentsiko dituena".