argia.eus
INPRIMATU
Dagoeneko 70 herri baino gehiagok dute izena eman Kutxa Bira ekimenean parte hartzeko
  • Martxoaren 20an Argentinatik abiatu eta maiatzaren 30ean helduko da Segurara, bi hilabetez Euskal Herria zeharkatu eta diaspora batuz. Koronabirusak eragindako egoerarengatik euskalgintzak eta herrigintzak sentitu "galera sentimentalak" doi bat estaltzeko asmoz ari da ekimen hau antolatzen Iparra-Hegoa.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko otsailaren 25
Herriz herri ibiliko da kutxa, euskalzaleen ametsak eta helburuak biltzeko asmoz

Dagoeneko 70 herri baino gehiagok dute izena eman Kutxa Bira ekimenean parte hartzeko. Antolatzaile den Iparra-Hegoa elkartearen asmoa xumea bezain ederra da: koronabirusak eragindako egoerarengatik euskalgintzak, herrigintzak zein kulturgintzak sentitu "galera sentimentalak" doi bat estaltzea.

Martxoaren 20an abiatuko da diasporatik, eta zehazkiago Argentinatik Euskal Herria zeharkatuko duen itzulia.  Maiatzaren 30ean helduko da Segurara. "Segurako ekitaldian kutxa ireki eta biran zehar kutxan sartutako amets guztien agerraldia eginen litzateke. Amesten dugun Euskal Herriarena hain zuzen ere". Argentinako euskaldunek ekimenari juntatzeko deia zabaldu dute bideo bidez:

Ondoko egunetan zehaztuko dute ibilaldia antolatzaileek. Anartean, herriz-herri modu autonomoan antolatuko diren ekimenak prestatzeko bilerak abiatuak dituzte guneka. Adibidez, ostegun honetan 19:00etan eginen dute bilera Bilboko Bira kultur gunean.

Edozein ikastetxe, elkarte, udaletxe eta eragileek parte hartzen ahalko du ekimenean. "Beti ere Iparra-Hegoak mugitzen duen filosofia eta irizpideak partekatzen dituzten elkarteak: euskara, lurraldetasuna, eta herri bat gara. Printzipio hauekin bat egiten duen orori irekiko zaio ekimenean parte hartzeko aukera", Iparra-Hegoa elkartekoen hitzetan.