argia.eus
INPRIMATU
Dagoeneko 60.000 dira Euskaraldirako izena eman dutenak
  • 400 lagunek baino gehiagok jaso dute prestatzaile izateko formakuntza eta 60.000 dira ahobizi edo belarriprest gisa izena eman dutenak Euskal Herri osoan. Hilabete eskas falta da Euskaraldirako eta azken egunera arte eman daiteke izena. Dagoeneko egin duten horietatik, gehienak ahobizi dira (bostetik lau).

ARGIA @argia 2018ko urriaren 24a

Oraingoz izena eman dutenen artean, %45 gipuzkoarrak dira, %31 bizkaitarrak, %12 nafarrak, %9 arabarrak, %2 lapurtarrak, eta %1 Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak. Dena den, “helburua ez da zenbatek parte hartzen duten, baizik eta parte hartzen duten horiek ematen dituzten urratsak hizkuntza ohiturak aldatzeko”, adierazi du Euskaraldiaren koordinatzaile Arrate Illarok.

Hurrengo hilabeteko erronka: inguruan eragitea

“Hurrengo hilabetean zehar, orain arte izena eman duten horiek bere inguruan eragin eta partaide gehiago bilatzera bultzatu nahi ditugu. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko garrantzitsua da aurrez ariketaren berri ematea, gure buruak eta ingurua prestatzea eta beraz, inguruko senide, lagun, lankide eta ezagunek ere ariketan parte hartu dezaten animatzea”, gaineratu du Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak.

Zergatik dira gehiengoa ahobizi? Hipotesi bi dituzte antolatzaileek: batez ere euskaltzale aktiboek eman dutela izena, ahobizi rola aukeratuz (ahal den guztietan euskaraz egiteko konpromisoa hartzen du ahobiziak), eta belarriprest rola ez dela oraindik hain ezaguna (euskaraz egin diezaioten eskatuko die euskaldunei belarriprestak).

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egun iraungo ditu Euskaraldiak eta Eusko Jaurlaritza eta Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta, herrietako erakunde eta eragileak ari dira elkarlanean.