argia.eus
INPRIMATU
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak
  • Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika arrazista eta hiltzaileak» salatu eta Korrikaren egunean migrazio prozesuan ziren 36 lagunekin muga pasatzegatik urtarrilaren 28an Baionan epaituko dituzten ekintzaileen kargugabetzea aldarrikatzeko.

Antxeta Irratia 2025eko urtarrilaren 17a

Europako zein Frantzia eta Espainiako migrazio politikak akusatzeko autoinkulpazio kanpaina abiatu zuten azaro amaieran eta harekin bat egin dute hamarnaka eragile eta norbanakok. Migrazio politika «arrazista eta hiltzaileak» salatu eta korrikaren egunean migrazio prozesuan ziren 36 lagunekin muga pasatzegatik epaituko dituzten ekintzaileen kargugabetzea aldarrikatzen dute. Urriaren 1ean Hendaiako PAFen deklaratu ondotik, urtarrilaren 28an Baionako epaitegian 7 herritarrek etorkin batzuk muga legez kanpo trebeskatzen lagundu izana eta talde antolatuko kide izateko akusazioari aurre egin beharko diote.

Haien aurkako epaiketa, 2024ko Korrika egunean Irun eta Hendaia arteko zubia migrazio prozesuan ziren 36 pertsonekin batera igarotzeko ekintzan oinarritzen da. Honi lotuta, migrazio politikak «pertsonak akabatzen dituztela» salatu eta «harrera herria garela» aldarrikatzeko, manifestazioa deitu dute urtarrilaren 26rako, Irundik Hendaiara.

Gogoratu dutenez, gutxienez 9 dira haien migrazio prozesuan Bidasoako muga zeharkatzerakoan hil diren pertsonak. Europar migrazio politika «arrazista eta hiltzaileak» egin dituzte egoera honen erantzule J’accuse plataformaren baitan antolatu direnak .«Sei hilabetero aitzakia berri bat asmatzen du Frantziar Gobernuak muga ixteko. Horrela, kontrol arrazistak ezarri, eta migrazioan diren pertsonen ibilbidea jazartzen du, askotan hiltzera ere kondenatuz», diote.

Ezaguna da Irun eta Hendaia inguruetan ehunka direla elkartasuna antolatu eta migrazio politika ankerrei aurre egiten dieten boluntario konprometituak. Agintari politikoek eta haien legea betearazten duten polizien jazarpenaren aurrean, igarobide seguruen alde egin eta berauek eraikitzeko konpromisoa duten ekintzaileak dira. Horregatik, epaiketaren karietara, hamarnaka eragile elkartu dira eta urtarrilaren 28an «elkartasuna baino, migrazio politikak eta hauen atzean dauden agintariak akusatuen aulkian egon beharko luketela galdegiteko» kanpaina jarri dute martxan: J’accuse.

Modu fisikoan, izen abizen eta nortasun agiria jarriz bat egindako 1.000 herritarren eta hainbat eragileren babesa jaso dute dagoeneko. Aurreratu dute epaiketa egunean 13:00ean Baionako epaitegi aitzinean mobilizazioa egingo dutela jasotako autoinkulpazio guztiak epaitegiaren atarira eramateko. Eta oraindik izenpetzeko aukera dagoela. Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Baina besteren artean, urtarrilaren 26an egingo den mobilizazio jendetsuan ere izango da bat egiteko aukera. Epaiketa baino bi egun lehenago, urtarrilaren 26an, Ficobatik goizeko 11:30ean aterako da manifestazioa Hendaiako bidean muga zeharkatuz. Euskal Herriko hainbat txokotatik autobusak antolatzen ari direla jakinarazi dute, besteak beste Bilbo, Iruñea edota Durangaldetik. Era berean, kanpaina finantzatzen laguntzeko aukera ere izango du hala nahi duenak, eta manifestazioan bertan adieraziko dute modua.