argia.eus
INPRIMATU
Dabilen zuhaitza
  • Zerk bereizten ditu landareak? Landareek hiru ezaugarri dituzte nahitaezko. Gehiago ere badituzte, noski, baina hiru horiek gabe ez dira landare. Lehena, bere burua elikatzeko behar duten energia ia dena berez sortzen dutela: hostoetan, adarretan, zurtoinean... berde dituzten zati guztietan fotosintesia egiten dute, hau da, argiaren energiarekin janaria sortu. Landarea, benetako landarea guk ikusten ez duguna da, lurpekoa, eta lurrazalean gora agertzen dena eguzki energia baliatzeko eguzki-panelak dira, hostoak, eta ugaltzeko haziak. Berde beharrean beste kolore batzuetako landareak ere badira: gorri, hori, laranja eta abar. Berdearenean klorofilak bideratuko du lan hori eta beste koloreetakoetan dagokion pigmentuak: antozianina (gorria edo urdinxka), karotenoa (laranja), xantofila (horia)…

Jakoba Errekondo 2023ko irailaren 11
Ekuadorren bada mugitu egiten den palmondo bat, Socratea Exorrhiza.

Landareen bigarren ezaugarri nabarmenena da bizi diren artean nahitaez hazi egin behar izatea. Bizitza motza izan daiteke, egun gutxi batzutakoa, edo luzea, milaka urtekoa, bada bizitza osoan handitu egingo da. Hazteak izerdia gora eta behera eramateko tutu berriak sortzea dakar, bizitzari heltzeko behar-beharrezkoak. Hazteari uzten dionean hil egingo da. Hori ere animaliokiko begitango aldea da. Eskerrak gure hazkundeak muga daukan…

Hirugarren adierazlea ez mugitzea da. Landareak ez dira mugitzen. Gaur egun esaera hori zalantzan jarria da, esaten da mugitzea ez dela toki batetik bestera joatea soilik, eta landareek, noski, bestelako mugimendu ugari egiten dute: kiribildu, hostoak alde batetik bestera okertu eta abar. Toki batetik bestera ez mugitzeak bere alde txarrak baditu: egarri denean, bero denean, izotza ari duenean, gose denean, eguzkiak erre egiten duenean, sua datorrenean... gertatzen dena gertatzen dela han egon behar, egonlandarearen egonarria, zintasuna. Guk animaliok ez dugu, ezta gutxiagorik ere, pairakortasun horren antzik. Bertan eutsi eta datorkion guztia nozitu eta ahal den ondoena eraman behar horrek landareak jakintsu egin ditu. Gure aldean milioika urte gehiago bizi izanak ere azkarrago egin ditu. Hasteko lurpeko landarea, benetako landarea ederki garatu eta egokituko dute bere premien asetzera; orokorrean esan ohi da ikusten duguna baino ikusten ez duguna gutxienez bost aldiz handiagoa dela, baina ehun aldiz handiagoa ere izan daiteke. Eta liburu oso bat osatzeko adina trikimailu sortu, ondu, findu, doitu eta zorroztu dituzte: belaunaldiz belaunaldi benetako etengabeko hobekuntza da. Gaur bertan ere horretantxe ari dira inguruan dituzun milioika landareak, denak.

Bada bat bada toki batean bizitzera, egotera errenditzen ez dena. Ezin geldirik egon! Ekuadorren bada mugitu egiten den palmondo bat, Socratea exorrhiza. Palmondo ibiltaria esaten diote. Lur gainean enborrean gora sortzen ditu sustraiak, exorrhiza izenak horixe dio. Sustraiok zango-luzeak dira eta bermatze puntuak ematen dizkiote landareari. Harantz edo honantz haz dadin, janari, argi eta nahi duenaren bila. Gure moduan.