argia.eus
INPRIMATU
D ereduko 441 irakasle “etazale” Guardia Zibilarentzat
  • Ezkutuko informazioa zen, baina bada astebete hedabide batean eta bestean zipriztinak ateratzen ari direla. Guardia Zibilak Nafarroa iparraldeko ikastetxeetan D ereduan irakasten ari diren 1.652 irakasle ikertu ditu, ezker abertzalearekin duten lotura aztertzeko.

ARGIA @argia 2013ko azaroaren 22a
Sortzen Ikasbatuaz ere ageri da Guardia Zibilaren txostenean. Argazkian, elkarteak Larragan antolatutako jai aldarrikatzailea.

Guardia Zibilak baieztatu du ikerketa egin duela. Txostenak ondoko izena dauka: Ezker abertzalearen eragina Nafarroako Foru Erkidegoko irakaskuntzako sare publikoan. Guardia Zibilaren ustez, ezker abertzaleak hezkuntza kontrolatzeko estrategia abian dauka, ETAren jarduera terrorista legitimatzeko eta justifikatzeko.

28 eskolatako 1.652 irakasle ikertu dituzte, baina ez dute zehaztu zein eskolatako irakasleak diren. Haien esanetan, eskola publikoak izan dituzte jomuga, baina txostenean ikastolak aipatzen dituzte. Sortzen Ikasbatuaz elkartea aipatu dute, eta hanka sartu dute, zeren sare pribatuko ikastolek ere ezker abertzalearen estrategia indartzen lagundu dutela diote, eta Sortzen Ikasbatuaz eskola publikoetako D eredua bultzatzeaz arduratzen da, ez pribatuetakoa.

1.652 irakasle ikertuta 441 jo dituzte “etazale”tzat. Definizio hori emateko ondoko ezaugarriak hartu dituzte kontuan, besteak beste: zein sindikatuko kide diren, senideren bat preso duten, kartzelara bisitan joaten diren, legez kanpo utzitako zerrendetan ageri diren…

LAB sindikatuko 33 kide identifikatu dituzte. LABen ustez, Nafarroako irakaskuntzan sindikatuak duen indarra ahuldu nahi dute estrategia horrekin, baita murrizketen eta erreformaren kontra antolatu den sindikatuen arteko batasuna zapuztea ere.

Aste honetan bertan UPNko Carlos Salvador diputatua Espainiako Segurtasuneko estatu idazkariarekin elkartu da gaiaz hitz egiteko.