argia.eus
INPRIMATU
D ereduaren aurkako propaganda azaldu da Tuteran eta Castejónen
  • Diskriminaziorik ez eta Ingelera etorkizuna da dioten orriak banatu dituzte hainbat etxetan.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko otsailaren 07a

Nafarroako Gobernua D ereduaren aldeko kanpaina egiten ari den bitartean, kontrako eskuorriak banatu dituzte Castejonen eta Tuteran, Diskriminaziorik ez eta Ingelera etorkizuna da leloekin.

PISAn, EAEko hezkuntza emaitzak txarrak izan direla dio panfletoetako batek eta Nafarroako Gobernuak "kosta ahala kosta" ezarri nahi duela euskara. "Euskal nazioa delakoaren eta Euskal Herriaren hizkuntza" egin nahi izatea leporatzen diote agintean den exekutiboari.

Informazioa eskura

Gutxieneko ratioetara ez ziren iritsi iaz Nafarroako "eremu ez euskaldunean", eskariak "sakabanatuta" egon ziren, baita "informazio eskasia" ere, Nafarroako Gobernuak berak esan duenez. Horregatik, zentralizatu eginen dute eskaintza, iazko ikasturtean egindako hutsei erantzun nahian: hamalau zentrotan eskainiko dute D eredua. Honako hauetan, hain justu: Elvira España (Tutera), La Cruz (Allo), Virgen del Soto (Caparroso), Dos de Mayo (Castejon), San Miguel (Larraga), Angel Martinez Baigorri (Lodosa), San Fausto (Ancin), Santa Maria (Los Arcos), Luis Gil (Zangoza), Espinal Olcoz (Mendigorria), Juan Bautista (Azkoien), Marques de la Real Defensa (Tafalla), Otero de Navascues (Cintruenigo) eta Elvira España (Tutera).

Bilerak antolatu ditu Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetan, eremu ez euskalduneko familiek D ereduaren berri izan dezaten. Urtarrilaren 30ean ekin zieten bilkurei.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra