Nafarroako hezkuntza sektoreko hainbat eragileek D ereduaren aldeko martxa deitu dute gaur arratserako. Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da manifestazioa 18:00etan “Hezkuntzan, kolore guztiak” lemapean.
Oraindik argirik ikusi ez duen Guardia Zibilaren txostena Nafarroako euskarazko hezkuntzari eraso egiteko erabili dela salatu dute ELA, LAB, EILAS, Sortzen, Ikasle Abertzaleak eta beste hainbat eragilek. D eredua defendatzeko eta bertako irakasleei babesa adierazteko antolatu dute gaurko protesta.
Nafarroako D ereduko ikastetxeen polemikaren harira ikasle, irakasle eta gurasoak mobilizazioetan murgildu dira.
Atzo bertan, Hegoalde, Amaiur, Iturrama eta San Frantzisko ikastetxe publikoetako guraso elkarteek D ereduko irakasleen lana defendatu eta haien aurkako “intoxikazio kanpaina” salatu zuten. Euskarazko irakaskuntzaren aldeko manifestua aurkeztu zuten. Horrez gain, gogorarazi zuten halako gertaerek gurasoen konpromisoa sendotzen dutela eta herritar guztiei dei egin diete gaurko mobilizazioarekin bat egiteko.
Euskalerria Irratiak Iturrama institutuko Toño Muro irakasleari eta bertako hiru ikasle ohiei elkarrizketa egin die. Bigarren Hezkuntzako ikastetxe hori eskuin mediatikoaren ikusmiran egon da, eta azken asteetan akusazio larriak egin dituzte ikastetxearen aurka. Muro irakasleak salatu duenez, “ikastetxea ETArekin lotzen zuten informazioak hasieran piztu zuten haserrea baretzen joan da. D ereduak oinarri sendoak ditu gure artean eta horregatik egiten diote eraso”.