argia.eus
INPRIMATU
D ereduaren aldeko manifestazio jendetsua
eta UPNren “sorgin ehiza”
Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 19a
Azken aldiko kriminalizazioaren aurrean, milaka lagun euskarazko irakaskuntzaren defentsan.

Antoniutti parketik Sarasate pasealekuraino egindako martxan irakasleei babesa erakutsi zitzaien Guardia Zibilaren txostenaren harira jasandako jazarpenagatik. Koloretako puxikak eskuan zituztela hezkuntzaren aniztasuna irudikatu zuten, eta Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen eta Jose Iribas Hezkuntza sailburuaren dimisioa eskatu zuten.

 

UPN eskoletako edukiak zelatatzen

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ikastetxeetako liburuak eta material didaktikoa aztertuko dituztela, "legea betetzen dela ziurtatzeko".

Iribasek esan duenez, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eskoletako edukiak ikertuko ditu “Nafarroako errealitate instituzionala” babesteko. Orain arte “legea betetzen ez duten” hainbat testuliburu eta material atzeman dituztela salatu du; eta hemendik aitzina behaketarekin zorrotzago jarraituko dutela berretsi du.

Euskal Herriko mapa jasotzen duten materialak esaterako ilegaltzat jotzen ditu UPNren Gobernuak, “Nafarroako errealitate instituzionala manipulatzen” dutelako.

Yolanda Barcinak ere ildo beretik jo zuen 13TV telebista katean egindako agerraldian. Testuliburuen aferaz mintzatu zen eta harro azaldu zen Nafarroan eskaintzen ari diren ingelesezko ereduak D ereduko eskaera murriztu duelako.

Ikasle Abertzaleak ere jo puntuan

Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek Guardia Zibilaren ikerketaren inguruko azalpenak eman ditu Espainiako Kongresuan, Sabino Cuadra Amaiurko diputatuari erantzunez. Ohartarazi du “ETA hezkuntza kontrolatu nahian” dabilela eta txostenak hainbat irakasleren izenak biltzeaz gain Ikasle Abertzaleak taldea ere jasotzen duela. Ikasle antolakundea ETArentzat lanean dabilela argudiatu du eta horren aurrean neurriak hartuko dituztela ohartarazi du.