argia.eus
INPRIMATU
“D eredua jarrita ezinduak eta immigranteak gainetik kentzen dituzu, eta guayak geratzen zarete”
  • Ekainaren 2an euskararen kontrako manifestazioa deitu dute Iruñean. Deitzaileen artean Patxi Mendiburu blogaria eta Doble12 kultura elkarteko Fernando Aranguren daude, eta asteazkenean manifestazioa deitzeko arrazoiak eman dituzte prentsaurrean. Nafarroako Gobernuaren egungo hizkuntza politikaren “inposizioaren kontra” deitu dute manifestazioa; eta, diotenez, “ez da euskararen aurkako mobilizazioa”.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko maiatzaren 31
Patxi Mendiburu eta Fernando Aranguren manifestazioa aurkezteko prentsaurrekoan

Mendiburu eta Arangurenen ustez, egungo hizkuntza politikak euskaradunak ez direnak “diskriminatzen ditu”: “Denok dakigu zer pasatu den Iruñeko haur-eskolekin eta hezkuntzako oposizioekin. Egungo Gobernuak enpresa pribatuak euskara plan bat ontzera behartzen ditu gobernuarekin berarekin lan egin nahi badute”.

Hezkuntzako D ereduen “inposaketaren” aurka ere egin dute: “D eredua jartzen duzu eta ezinduak, immigranteak gainetik kentzen dituzu eta bakarrik guayak geratzen zarete. Eta gainera ondo ordainduta”.

Bestalde, euskarak kokatu behar duen esparrua ere zedarritu dute manifestazioaren deitzaileek. Landa eremuan bai, baina bulegoetan ez: “Albaitaria bazara eta Saldiaseko baserrietara joan behar baduzu, noski euskara jakin behar duzula. Baina Nafarroako Gobernuak Tafallan duen bulego batean lan egiteko euskara eskatzea izugarria da”.

Egungo hezkuntza politika diskriminatzailea deritzen arren, euskaradunei aukerak murriztea eskatu dute, esanez hezkuntzaren kasuan “pertsona batek euskarazko plaza bat ateratzen badu”, ezin duela gero gaztelerazkora aldatu. “Euskararen bidea hartu baduzu, zure ibilbide profesionala hortik egin beharko duzu”.