argia.eus
INPRIMATU
D eredua lehendabizikoz gailendu da matrikulazioetan Barakaldoko ikastetxeetan
  • 2018/2019 ikasturtean berdinketa egon zen D eta B ereduan matrikulatutako ikasle kopuruan, baina beste %20 inguru A ereduan matrikulatu ziren.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 27a

Euskara hutsean oinarritutako irakaskuntza aurkera hautatuena izan da Barakaldon, historian lehen aldiz. Araubide orokorreko irakaskuntzetako matrikulei buruzko azken datuek erakusten dutenez, D eredua sortu eta 35 urtera, euskara hutsezko eskolek garrantzia nabarmena irabazi dute Barakaldoko familien lehentasunen artean.

Hala ondorioztatzen da EUSTAT-Euskal Estatistika Erakundearen txostenetik: 2018/2019 ikasturtean, berdinketa egon zen ikasleen %40,7ak B ereduan eman baitzuen izena, eta %40,1ak, berriz, D ereduan. Gainerako %19,2a A ereduari dagokio.

2019/2020 ikasturteko matrikulazio-datuak oraindik zabaldu ez badira ere, ziurtzat jo daiteke D eredua dela Barakaldon hautatuena; izan ere, urtetik urtera ehuneko puntu bat baino gehiago hazi da B ereduaren aldean, duela 12 hilabete sei hamarren baino ez baitzituen. Bestalde, gaztelania hutsezko hezkuntza egonkortu egin da, eta sei urte daramatza %20 inguruan.

Ereduak

D ereduko ikasleek matrikulazioko irakasgai guztiak osoki euskaraz jasotzen dituzte, ingelesa eta gaztelania izan ezik. B eredukoek erdia euskaraz ikasten dute, eta beste erdia espainolez. A eredukoek, aldiz, guztiak espainolez ikasten dituzte, ingelesa eta euskara ikasgaiak izan ezik.

 

Eredu linguistikoaren araberako matrikulazioa Barakaldon. Iturria: Barkaldodigital.blogspot.com