EAEko PPko presidenteak, Antonio Basagoitik, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak gidatzen duen Harremanetarako Nazioarteko Taldeaz adierazpen berriak egin ditu: "Ez du deus esateko eta soilik alde baten alde egin dezake lan".
Currinen taldea Bilbon bilera diskretuak egiten ariko da gaur eta bihar Euskal Herriko hainbat alderdirekin, etorkizunean bakeaz eta normalizazioaz denen arteko bilera bat antolatzen saiatzeko.
EFE agentziari egindako adierazpenetan, EAEko PPko buruak adierazi du bere alderdiak ez duela Currinen taldearekin biltzeko asmorik, joan den astean "egiaztatzaileekin" bildu ez zen bezala.
Basagoitirentzat "Currin bezalako jendeak badu lekua guda eta bi bando izan diren herrialdeetan, eta bertan bitartekari lanak egin behar dituzte, bi aldeetan hilketak egin direnean, Irlandan paramilitarrak eta IRA egon ziren adibidez, edo arraza gatazketan, baina Espainia bezalako leku batean, non demokrazia existitzen den eta terroristak bakarrik dauden, ez dute deus esateko eta bakarrik alde baten alde egin dezakete lan".
Basagoitik gaineratu du ETAren amaiera heldu bada, hori ez dela ez Brian Currin, ez Arnaldo Otegi, ez Loiolako negoziazioengatik izan; alderdien legeagatik baizik, "euskal gizartea haietaz nazkatu delako, eta polizia oso eraginkorra izan delako; beraz, ez gaitzala inork distraitu azken orduan, eta inor ez dadila saiatu gaur arte irabazi ez duen eta sekula irabaziko ez duen bataila bat irabazten".