Presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatu behar direla esan du Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko kideak, Gazta zati bat dokumentalaren estreinaldian. Bestalde, Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroak baieztatu du ETAK ez duela armategirik eta, beraz, Currinen hitzetan, ETA ez da indarkeriara bueltatuko.
"Baldintza horietan, euskal presoak askatzeak ez dakar arriskurik, indarkeriarik gabeko jendartera aterako liratekeelako", esan du Currinek. Horrez gain, ezer egin aurretik ETAri desagertzeko eskatzea zentzugabea dela nabarmendu du. "Zentzugabea eta arriskutsua". Izan ere, beste gatazka batzuetan, talde armatuak ez dira desagertzen, eraldatu baizik. Ipar Irlandan, adibidez, lan handia egin dute presoen gizartearatzean.
Espainiako Gobernuari dagokionean, hurrengo urratsa ematea Madrili dagokiola esan du abokatu hegoafrikarrak: "Madrilgo Gobernuak elkarrizketa hasi beharra dauka. Ez negoziatzen, baizik eta indarkeriaren ondorioen inguruan hitz egiten: biktimez, presoez eta armen entregaren inguruan".