argia.eus
INPRIMATU
CUPi egurra konpresa tradizionalen ordezkoak bultzatzeagatik
  • Hedabide batzuek estu hartu dute Manresako CUP alderdia udalean konpresa ekologikoak eta merkeagoak erabiltzea proposatzeagatik.

ARGIA @argia 2016ko apirilaren 21
CUPek hilekorako produktu merkeagoak eta ekologikoagoak ezagutaraztea proposatu du.

“Emakume gazteek sexu osasunean bizitza hobea izateko” mozioa aurkeztu du Manresako CUPek apirilaren 21ean.

Mozioak eskatzen du ikastetxeetan hilekoari buruz egiten diren informazio tailerrak Emakumeak Informatzeko eta Artatzeko Zerbitzuak ematea, eta ez enpresa pribatuek. Ohikoa da enpresa pribatuek haien produktuen publizitatea egitea, eta produktu horietako asko emakumearen osasunerako kaltegarriak dira, ez dira ekologikoak eta garestiak dira.

Emakumeak Informatzeko eta Artatzeko Zerbitzuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 4. mailako ikasleei hilekoa osasuntsu nola bizi irakastea nahi du CUPek eta odol isuria biltzeko modu guztiak azaltzea eskatzen du, batik bat emakumearen gorputzerako eta ingurumenerako kalte gutxien eragiten dutenak. Emakumeak Informatzeko Zerbitzuak bere bulegoetan odol isuria jasotzeko ondoko modu alternatiboak edukiko lituzkeela azalduko litzaieke ikasleei: hilekoaren kopatxoa, oihalezko konpresak eta itsas belakiak.

Proposamenak ordea, hautsak harrotu ditu hainbat hedabidetan eta era honetako izenburuak erabili dituzte CUPen mozioa gutxiesteko: “Manresako CUP tanpoien eta konpresa tradizionalen aurka”; “CUPek twitter sutan jarri du hilekoari buruzko proposamenekin”, “CUPek tanpoiak eta konpresak itsas belakiekin ordezkatu nahi ditu”; “Konpresak eta tanpoiak Manresako CUPen kezka”.

Sare sozialetan ere era guztitako harribitxiak idatzi dituzte CUPen proposamenaren harira. Hona horietako batzuk: