La Vanguardian Enric Julianak (periodikoaren kronista izarra) "Podemos y Catalunya" analisian: "Gutxienez bi azterketa demoskopikok iragartzen dizkiote 12 diputatu Podemosi, Kataluniako Parlamenterako hauteskundeak gaur eta gaurko alderdien sistemarekin burutuko balira.
Hamabi piputatu horiek erdi-K.O. utziko lukete ICV eta Ciu eta ERC 68 diputatuen azpitik utziko lituzkete, hau da, gehiengo absoluturik gabe. Generalitateko jauregian proiekzioon berri badute. Podemos da Kataluniako politikaren hamargarren bidaiaria. Ez da ikusten baina sentitzen da. Denek diote beldur".
Horrez gain, Antoni Puigverdek gaur La Vanguardian "Ebullición" zutabean ondorengoa dio: "Inkestek behin eta berriro erakutsi dute desagertu den aktoreak (PSC) utzi duen hutsunea ez duela independentismoak betetzen. Espainolismoak ere ez. Antza denez, hutsunea Podemosek beteko du. Beraz, Katalunian ere inork espero ez zuen aktoreak baldintzatuko ditu taulako posizioak".
CUPen lanari gorazarre
Puigverdek gaur zutabe berean CUPentzat hitz onak izan ditu. "Soilik CUPeko bozeramaileek jokatzen dute zentzu estrategikoz, beharbada, gustatu ala ez, bestelako pasta betez eginak daudelako: ez dira politikan sartu era konbentzionalean aritzeko".
ICVko askok bozkatu egingo dute A9an
Kataluniaren aldeko Ekimena-Berdeak-eko (ICV) bi koordinatzaileek –Joan Herrera eta Dolors Camars– haiek ez dutela bozkatuko jakinarazi dute, bermerik ez dagoelako eta bozketak ez duelako ondoriorik izango. Aurreratu zutenez, ICVk hautes-guneen aurrean bilkurak deituko ditu protesta gisa.
Orain, aldiz, koalizioko diputatu Sara Vilá eta Salvador Milák bozkatu egingo dutela iragarri dute Vilaweben irakur daitekeenez. Berdin Josep M. López Llaví kide historikoak eta zuzendaritzako Teresa Miranda eta Enric de Vilaltak ere.
Hauen ustez, koordinatzaileek erabilitako argudioak formalak dira, eta herritarrek bozkatu nahi dute. “Ez duela ondoriorik? Egia, baina lehengoak ere zuen. Ez direla nahi beste berme? Egia, baina jendearen ustez hautesontzian sartutako botoarekin alderdiei zerbait egitera eta jarrera bat hartzera behartzen zaie”.