argia.eus
INPRIMATU
CUPen kartak mahai gainean: asanblada konstituziogilea eta neurri sozialak
  • Independentziarako prozesua “atzeraezina” dela azpimarratu du CUPek, eta  prozesuan “eskuzabaltasunez” jokatzeko prest agertu da. Baldintzak jarri dizkio Junts Pel Siri. Argi utzi du alderdiez haratago doala prozesua, eta nork baino, zer, noiz eta nola dela lehenik eztabaidatu beharrekoa.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 09a
CUPeko kideak osteguneko agerraldiaren amaieran (argazkia: ElDiario.es).

Pompeu Fabra unibertsitatean eginiko agerraldian, CUPeko parlamentarigaiek Junts Pel Sirekin negoziatzeko hiru ardatz nagusi plazaratu dituzte: Espainiarekin apurtzea, Errepublika Katalana lortzeko prozesu eratzailea eta aldaketa soziala.

Ez dute ezer berririk aipatu Artur Masen hautagaitzaren inguruan. “Ez dugu aldatu gure jarrera”, adierazi du Anna Gabriel Bartzelonako zerrendako bigarrenak. Hautagaitzaz hitz egin aurretik hiru gai horiek adostu nahi ditu CUPek. Negoziatzeko denbora dagoela iritzi dute bi aldeek (urtarrilaren 9ra arte dute presidentea aukeratzeko).

Trantsiziorako gobernua

Hurrengo gobernua "trantsiziorako gobernua" izan beharko dela aipatu du Benet Salellas Gironako zerrendaburuak. “Kontzentrazio gobernu” horren ardura izango da CUPek plazaratutako hiru oinarriak martxan jartzea. Bai CUPek bai Junts Pel Sik argi dute hurrengo hilabeteetan abiatu beharko dela prozesu eratzailea. Horretarako, CUPek Kataluniako gizarte guztia parte izatea nahi du. Antonio Baños zerrendaburuaren hitzetan, “asanblada konstituziogile” bat eratu behar da “politika horizontalaren” eredu gisa.

Prozesua abiatzearekin batera, ezinbestekotzat jo dute Espainiarekiko desobedientzia. Espainiako legalitatearen barruan ezin dutela jarraitu, eta Espainiarekin apurtu beharra dagoela adierazi du Salellasek. Adibidetzat jarri ditu Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak, Lomce legea edo Mozal legea.

Aldaketa soziala ere ezinbestekotzat paratu du CUPek. 39 neurri aurkeztu dituzte premiazko neurri gisa. Eulàlia Reguantek esanetan: “39 neurriak urgentziazkoak eta ezinbestekoak dira prekarietate egoerari aurre egiteko.” Besteak beste, pribatizazioen, murrizketen eta etxe kaleratzeen amaiera aipatu ditu. Neurriek borondate politikoa baino ez dutela eskatzen gaineratu du.

Junts Pel Siko kideak ere bertan izan ziren

CUPen agerraldian Junts Pel Siko kide Raül Romeva eta Lluís Llach izan ziren; baita, Jordi Turull (CDC) eta Oriol Amorós (ERC) ere. Romevak RAC1 irratian egindako elkarrizketan adierazi du CUPek proposatutako “ia denean” ados dagoela.

Bi aldeek egoeraren irakurketa berdina dutela uste du, eta Errepublika Katalanera abiatzea, beste aukerarik ez dagoela. Masen hautagaitzaren inguruan, prozesua garrantzitsuena den ideiarekin bat egin zuen Junts Pel Si-ko zerrendaburuak: “Presidentearen gaia konponduko da, ez daukat dudarik”.