argia.eus
INPRIMATU
CUPeko zinegotzi Joan Comari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea Auzitegi Nazionalaren aurrean
  • Vic herrian atxilotu duten CUPeko zinegotzi Joan Comari babesa emateko elkarretaratzea egin dute Auzitegi Nazionalaren aurrean. Kataluniatik autobusez gerturatutako jende ugari egon da bertan poliziek identifikatu eta kanporatu dituzten arte.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 28a
Anna Gabriel eta David Fernandez Madrilen eginiko elkarretaratzean. (Arg.: @cupnacional)

CUP alderdiko diputatu, diputatu ohi, zinegotzi eta idazkaritza nazionaleko kide ugari bildu dira Madrilen, besteak beste, Anna Gabriel eta David Fernandez.

Ustezko sedizio delitu batengatik deklaratu beharko du Comak epailearen aurrean. Udaleko osoko bilkuran independentzia lortzeko “arrautzak puskatzera” dei egiteagatik atxilotu dute.Auzitegi Nazionalean deklaratzeari uko egin zion Comak bi aldiz eta horregatik atxilotu dute orain. Mossoek Guardia Zibilaren esku utzi dute atxilotua Madrilera eramateko eta baliteke gaur deklaratzea.

Zinegotziak etxean ez atxilotzea itundu zuen poliziarekin, seme-alabek ikus ez zezaten. Udaletxera joan eta bertatik Posta bulegorako bidea egin zuen hainbat lagunekin batera, tartean Anna Erra alkatea. Bertan atxilotu zuten Mossoek.

Auzitegi Nagusiko Ismael Moreno epaileak poliziari Comaren interbentzio publiko eta sare sozialetako mezuei buruz informatzeko eskatu zion, zinegotziak “desobedientzia kolektiborako” dei egin izanaren susmoak baititu.

Atxiloturik zegoela berak bidalitako ahotsezko mezu bat zabaldu zuen CUP alderdiak. “Oraintsu atxilotu nau poliziak eta Madrilera naramate gogoz kontra”, dio mezuak, “ongi, lasai eta bare nago”. Zinegotziak “arazoa” beraiek dutela adierazten du mezuan, “demokratikoki konpondu ezin dutena epaitegietan irabazi nahi duten guzti horiek”.

Comak Espainiako Estatuak nahi ez badu ere herritarrek erabakiko dutela azpimarratu du: “Gu izango gara, independentista eta ez independentistak, hautetsontzietan gure herriaren etorkizuna erabakiko dugunak, behar bada baimenik gabe”.

Bart gauean 30/03 mugimenduak deituta mobilizazioak egon ziren hainbat udaletxeren aurrean atxilotuari elkartasuna adierazteko.

Hemen CUP alderdiak sare sozialen bidez zabaldu duen Joan Comaren mezua: