argia.eus
INPRIMATU
CUPek Raul Romeva proposatuko du gaur presidenterako
  • Espainiarekin apurtzeko Junts Pel Sí-k eta CUPek alde bozkatu ostean, Generalitateko presidentearen lehen inbestidura saioan ez dirudi adostasunik egongo denik. JxS-k Artur Mas aurkeztuko du presidentegai eta VilaWebek aurreratu duenez CUPek Raul Romeva.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 10
Gaur egingo dute presidentea aukeratzeko lehen saioa, adostasunik lortu ezean eguenean izango da bigarren saioa.

Lehen bozketa arratsaldean egingo dute, eta seguruenik JxS-ren 62 botoak soilik lortuko ditu Masen hautagaitzak. Presidente izendatzeko gehiengo osoa beharko luke lehen itzulian, 72 boto – JxS-ren botoak eta beste sei–. Bigarren itzulian ordea, gehiengo sinplearekin nahikoa luke Masek. Edonola ere, CUPen bi boto beharko lituzke kopuru hori lortzeko, eta alderdi independentistak printzipioz ez du nahi Mas presidente izatea.

Gaurko bozketaren aurretik alderdiek Masen atzoko inbestidura hitzaldiari erantzuteko aukera izango dute. Zeresan handia izan du jarduneko presidentearen hitzaldiak. CUPen babesa lortze aldera, gai sozialetan jarri zuen arreta Masek: Pobreziaren aurkako neurriak eta etxebizitzaren ingurukoak jorratu zituen. Independentzia ere izan zuen hizpide. Legegintzaldi hau autonomiatik subiranotasunera jauzi egiteko balio behar duela aldarrikatu zuen Masek.

CUPeri ere zuzendu zitzaion Mas: “Inor ez dago soberan, eta nahi duguna aurrera ateratzeko behin betiko gobernu bat behar dugu ez jardunekoa, bestela prozesuak huts egingo du”. Herritarrekin estatu bat eraikitzeko “konpromisoa” hartu zutela gogoratu zien CUPeko legebiltzarkideei.

Oposizioko alderdientzat Masen hitzaldia “sinesgaitza” da, eta bere helburu bakarra CUPekoak limurtzea da. CUPeko bozeramaile Albert Boltranek bestalde, Masen diskurtsoko aldaketak aintzat hartu zituen, baina  “ez direla nahikoa” adierazi zuen.

Madrilen berehalako erantzuna

Independentziaren aldeko ebazpena onartu bezain pronto abiatu zituen Rajoyren gobernuak adierazpenaren aurkako “estatuko errekurtso” guztiak. 12:00etan onartu zuten ebazpena Parlamentean, eta eguerdian Espainiako presidenteak ebazpenaren inguruko irizpen juridikoa eskatu zion Estatu kontseiluari. Ebazpen horren txostena gaur goizean jasoko dute eta gobernuak estatu idazkariari eta idazkari ordeen komisioari bideratuko dio honek ministroen ezohiko kontseilua deitzeko. Martitzenean egin nahi dute ministroen ezohiko kontseilua inkostituzionalitate errekurtsoa onartzeko eta prozesua geldiarazteko.

Martitzenean ere, Rajoy Pedro Sanchezekin biltzeko da Moncloan. Beste alderdi espainolekin ere jarri da kontaktuan Espainiako Gobernua “sezesionismoaren aurkako paktua” adosteko.