Prentsaurrekoak eta edozein motatako parte-hartzeak katalanez eskainiko dituzte Herrialde Katalanetan. Erabaki hori hartu du CUPek Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duelako ikastetxeetan ikasgaien laurdena gaztelaniaz eman behar dela.
Dolors Sabater eta Eulàlia Reguant talde parlamentarioko kideek eman dute erabakiaren berri. Vilaweb hedabideak jaso ditu haien esanak. Hedabideen aurrean katalanez baino ez dute egingo, hizkuntzaren normalizazioan pausoak emateko asmoz eta ikusita epaitegi espainiarrek katalana bazterrean utzi nahi dutela eta de facto murgiltze eredua indargabetu nahi dutela.
Talde parlamentarioko presidente den Sabaterrek adierazi du Auzitegi Gorenaren ebazpena katalanari egindako eraso berri bat dela. Haren ustez, “Espainiak berriz zentralizatzeko duen estrategiaren adibide bat da, gobernatzen duenak gobernatzen duela”. Helburua bat: katalana erabilera eremu guztietan murriztea.
Kataluniako Gobernuari eskaera
CUPek gobernuari esan dio Auzitegi Gorenaren sententzia ez gutxiesteko eta erantzun tinkoa emateko. Erantzukizuna ikastetxeen esku soilik ez uzteko eskatu du.