argia.eus
INPRIMATU
Puigdemontek hautsitzat eman du CUPekin duen egonkortasun hitzarmena
  • Kataluniako presidenteak adierazi du aurrekontuak ez dituela "edozein preziotan" adostuko, eta CUPi gezurretan aritzea leporatu dio.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 08a
CUPeko parlamentariak, bilkura batean. (Argazkia: Jordi Borras/elcritic cc-by-nc-sa)

CUPek ez ditu Kataluniako Gobernuaren aurrekontuak babestuko

Ezkertiarrek uko egin diote osoko zuzenketak erretiratzeari. Junts pel Sí bakarrik geratu da, eta Gobernuak ezingo du aurrekontuak tramitatzen jarraitu.

Ezetz esan dio CUPek Generalitatearen aurrekontuak babesteari. Astearte iluntzean egindako bileran osoko zuzenketei eustea erabaki zuten, aurkako 29 botoak aldeko 26ei gailenduta. Hala, aurka bozkatuko du gaur, oposizioko gainontzeko alderdiekin batera.

CUPen erabakiarekin, Junts Pel Sí koalizioak ez du izango aurrekontuak tramitatzen jarraitzeko behar beste bozka, eta ezerezean geratuko dira. Hala ere, akordio bila lanean jarraitzeko prestutasuna adierazi du Eulàlia Reguant CUPeko diputatuak: “Ez diogu 2016ko aurrekontuei uko egiten, baina ez bada posible, prest gaude 2017koei begira Junts Pel Sí-rekin lanean aritzeko”.

Bere aldetik, Generalitatearen jarreraren aurka egin du Albert Botranek: “Ez zaigu egokia iruditzen aurrekontuak aurkeztea aurrez negoziatu eta adostu gabe”, zehaztu du ezkertiarren bozeramaileak. Neus Munté Generalitatearen eledunak, aldiz, gogor kritikatu du erabakia eta ohartarazi du “legegintzaldia kolokan” jartzen duela. “Argi dago CUPek egonkortasun akordioa hautsi duela, eta horrek ondorioak izan ditzake”, azaldu du Munték.

“Azaroaren 9ko adierazpena urratzen dute aurrekontu hauek, ez baitute burujabetza politikoa lantzen”, dio Anna Gabriel diputatuak Catalunya Ràdion. Munték, baina, ez du halakorik uste, eta adierazi du Kataluniako Gobernuak “ez diola inolaz ere herrialdea independentziaren atarian uzteari uko egingo”.