Artur Masen inbestidura Junts Pel Sí eta CUPen arteko negoziazioen puntu beroetako bat ari da izaten. JxSí-k gutxienez CUPeko bi diputaturen babesa beharrezko du Mas presidente berri izendatzeko, baina CUPek esan izan du ez duela presidente izendatuko. Talde ezkertiarrak iragarri duenez, Masen aukeraketan oinarriek izango dute azken hitza.
Asanblada egitea iragan larunbatean eginiko kontseilu politikoan adostu zuten. Data eta lekua oraindik zehazteke daude, baina batzarraren tasuna jada ezaguna da: irekia izango da, militante eta jarraitzaileek izango dute parte hartzeko aukera. La Vanguardia egunkariak jaso duenez, asanbladan CUP babesten duten hainbat antolakundek hartuko dute parte, hala nola, Endavantek, Poble Liurek, Arran-ek eta Sindicat d’Estudiants dels Països Catalans-ek.
CUPeko Anna Gabriel Sabatek adierazi duenez, etorkizuneko gobernurako ez dute izenik proposatuko, baina Boi Ruiz eta Felip Puig kontseilari hautatzeari betoa jarriko diote. Hauek hurrenez hurren Osasun eta Enpresa kontseilari bezala jardun dute azken legealdian, eta harturiko hainbat erabakik hautsak harrotu dituzte. Puigi dagokionez, Gabrielek azpimarratu du gomazko bolen biktimek “euren mina erreparatua izatea” nahi dutela. Orain arte Osasun kontseilari izan denaren inguruan, azken lau urteetan aplikatu diren murrizketa eta pribatizazioei “onartezinak” deritze Gabrielek.
Negoziazioak, “oso teknikoak”
Junts Pel Sí-ren gertuko iturriek esanguratsutzat jo dute CUPek negoziazioaren inguruko erabakiak hartzeko asanblada deitu izana, “horrek elkarrizketarekiko konfiantza dutela erakusten baitu”. Orain arteko hartu-emana “oso tekniko” bezala definitu dute, eta egoera horretan eman beharreko pausoez hitz egiteak balio handia duela azpimarratu.