Igandean egin duten alderdiaren batzorde nazionalean hauteskundeetan parte hartzearen aldeko jarrera gailendu da eta “ahalik eta hautagaitza zabalenean” esku hartzeko aukera nagusitu da.
Botoen %93,61eko babesarekin, hauteskundeetara aurkeztea erabaki dute CUPeko militanteek. %7,83ak ezezkoa bozkatu du eta, boto zuriek eta nuloek %1a ere ez dute osatu. Hautagaitzari dagokionez, "apurtzailea, independentista eta ezkerrekoa" izango dela erabaki dute.
Anna Gabriel CUPeko buruak adierazi du badakitela hauteskundeok “inposatuak” direla eta “ez direla zilegiak”, baina militantziaren erabakia erabat errespetatuko dela nabarmendu du. Gainera, benetan garrantzitsua abenduaren 21etik aurrera egin beharreko lana dela esan du: “Konpromisoa da errepublika gauzatzea, prozesu konstituziogilea abiatzea, 155. artikulua etetea eta preso politikoak kartzelatik ateratzea”.