argia.eus
INPRIMATU
CUP ez doa Europara; EH Bildu eta BNG katalanen babesik gabe gelditu dira
  • Galiziako BNGk eta EH Bilduk Europako hauteskundeetarako duten aliantzan ez du parte hartuko CUPek.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 10
CUPen esanetan Europar Batasunak zerbitzu publikoen pribatizazioa inposatu, zorraren diktadura ezarri eta Estatuaren kapitala babestearen aldeko jarrerak hartzen ditu. (Arg: Publico)

Alderdi kataluniarrak uko egin dio hauteskundeetara aurkezteari, Europar Batasuna “sistema antidemokratikoa eta gardentasunik gabea” dela argudiatuta.

Barne eztabaidak izan dituzte CUPeko kideek azken asteetan, eta 50 bat asanblada ireki antolatu dituzte gaia lantzeko.

CUPeko kideek adierazi dutenez ez dute Europako Parlamentuan parte hartzeko eskaerarik sumatu beren jarraitzaileen, ezkerreko independentisten eta herri mugimenduen artean.

Talde independentista katalanaren esanetan Europar Batasunak zerbitzu publikoen pribatizazioa inposatu, zorraren diktadura ezarri eta Estatuaren kapitala babestearen aldeko jarrerak hartzen ditu, eta horregatik Europak “gero eta sona okerragoa” du.

EH Bilduk aliatu kataluniarrik ez

ERCk Europako bozetan bakarrik parte hartzea erabaki ostean, EH Bilduk CUPekin koalizioa osatu nahi zuen, denen bozak batuta Europako Parlamentuan eserleku bat eskuratu ahal izateko.

Bi erreferente kataluniar horien babesik gabe, ordea, eserleku bat lortzeko aukera zaildu zaie EH Bilduko kideei.

Aragoiko CHA eta Galiziako Nos-UP alderdietako kideekin ere harremanetan dago EH Bildu.

BNGren erantzuna

Hamar egunen buruan EH Bildurekin koalizio prozesua amaitu eta martxoaren amaieran hautagaitza bateratua aurkeztea espero du BNGk.

Ordurako zerrenda galiziarra osatuko duten 54 izenak publiko egingo dira. Ana Miranda izango dute buru.