Espainiako Erregea Felipe VI. eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernu burua manifestazioan izanez gero, CUP ez zela bertan izango adierazi zuen atzo ezkerreko koalizio independentistak.
Astearte goizean Kataluniako Legebiltzarrean emandako prentsaurrean baietsi du Mireia Boya CUPeko parlementariak manifestazioan izango direla: “Zalantzarik gabe, bat gehiago izango gara Bartzelonan eta Ripollen izango diren agerraldietan. Kalean egon nahi dugu, herritarren alboan. Hori bai, nola egongo garen zehaztuko dugu ikusita instituzioen eta entitateen artean dagoen elkarrizketaren emaitzen arabera”.
CUPen baitan ikuspegi desberdinak izan dira partehartze honen inguruan. Koalizioak atzo adierazi zuen Espainiako Erregea egonez gero haiek ez zirela izango, ez zuelako zentzurik gisa honetako atentatuak finantzatzen dituen Saudi Arabiarekin adiskidetasun harremanak dituztenekin batera abiatzea kalean.
CUPeko alderdi Poble Lliurek aldiz, manifestazioan egongo zela adierazi zuen, beti ere baldintza bat betetzen bazen: manifestazioaren buruan Mossoak, taxilariak eta artatze zerbitzuetako pertsonala joatea lehen lerroan eta agintariak bigarren lerro batean. Azkenean, horrela izango dela jakinarazi dute Generalitateak eta Bartzelonako Udalak.