Urriaren 1eko erreferendumari begira egindako kanpainan alderdiak dirua bidegabeki erabili ote zuen ikertzen ari da fiskaltza. Orduko CUPeko idazkaritza nazionaleko kideetako bat deklaratzera deitu dute astelehenean.
CUPen aurka diligentziak abiatu ditu Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak, 2017ko urriaren 1ean buruturiko erreferendumari begira egindako kanpainara bideratutako 168.666,64 euroko aurrekontuaren gorabeheran. Zehazki, Ara comença el Mambo (Manboa orain hasten da) bideoa egiteko eta Referèndum 2017: la clau que obre el pany (Erreferenduma 2017: sarraila irekitzen duen giltza) liburua argitaratu eta aurkezteko erabili zen aurrekontua jarri dute ikerketapean.
Ciudadanos alderdiaren ebazpen-proposamen bat du abiapuntu ikerketak. Alderdi eskuindarrak duela urtebete osatutako idatzian adierazi zuen legeriak ondokoa zehazten duela: talde parlamentariek ezin dutela Parlamentutik eratorritako aurrekontua “legez kontrako ekintzak ordaintzera” bideratu. Kataluniako independentzia erreferenduma legez kontrako ekintza litzateke Ciudadanosen aburuz.
Eskuindarren esku hartzea tarteko, Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza ikertzen ari da CUP alderdiak diruaren bidegabeko erabiltzerik egin duen. Fiskaltzari dagokio erabakitzea kasuarekin zer egin: epaitegi batera bideratu ala artxibatu. Ikerketak epaitegietara bidea hartuz gero, CUP alderdiaren aurkako auziari hasiera emango litzaioke, eta hori horrela, Kataluniako alderdi ezkertiarrak ez du baztertzen CUPeko zenbait kide auzipetuak izateko aukera. Ara egunkariak jaso duenez, alderdiko iturri juridikoen hitzetan prozedura oso azkar doa kasua artxibatu ez dadin. “Fiskaltzak ofizioz ireki du ikerketa, eta, beraz, gertaera horiek delitutzat hartzeko jarrera hartu du, eta dagoeneko hamabost bat pertsonak deklaratu dute; horrek erakusten du ikerketa sakona dela, eta judizializatu egin nahi dela”, dio iturrietako batek.
Kasuarekin loturan, deklaratzera deitu dituzte kanpainaren hornitzaile izandakoak eta orduko CUPen idazkaritza nazionaleko kideak. Deklarazioak egiteko zitazioak otsailean abiatu ziren, baina koronabirusaren agerraldiaren ondorioz etenaldia gauzatu zen prozesuan, harik eta azken asteetan zitazioak berrartu dituzten arte. VilaWeb-en jakinarazi dutenez, hamabost pertsona inguruk jada deklaratu dute, eta abuztuaren 24ko astelehenez zegoen deklaratzera deitua 2016-2017 ikasturtean alderdiko idazkaritza nazionaleko kide izandako pertsona bat. Deklarazioez gain, fiskaltzak alderdiaren barne dokumentazioa ere eskatu du, idazkaritza nazionaleko kideen zerrenda edota erreferendumaren kanpainara zein talde parlamentariora bideratutako aurrekontua kasu.
“Fiskaltzak ihes egiten utzi dio Juan Carlos I. bezalako frankismoaren oinorde ustel bati. Baina demokrazia defendatzen zuen #PrenPartit kanpaina jazartzen du. Berriro egingo genuke”, irakur daiteke CUP alderdiak sare sozialen bidez publiko egin duen mezuan:
La fiscalia deixa fugar-se a un corrupte i un hereu del franquisme com Juan Carlos I
Però persegueix una campanya que defensava la democràcia #PrenPartit
I ho tornaríem a fer pic.twitter.com/Gv7oQIQKw6
— CUP Països Catalans (@cupnacional) August 24, 2020