argia.eus
INPRIMATU
Culturebox behin-behineko telebista kate kulturala sortu du Frantziako telebista publikoak
  • Frantziako telebista kate publikoak kudeatzen dituen France Télévisions taldeak Culturebox izeneko kultur telebista katea jarriko du martxan otsail hasieran. Telebistan eta Internet bidez ikusi ahal izango da, jendaurreko kultur ekitaldiak berriro egin ahal izango diren arte.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2021eko urtarrilaren 26a
“Artistak euren publikoarekin berriz elkartu eta arte guztiei ahalik eta ikusgarritasun handiena emateko” asmoz sortu dute Culturebox

COVID-19ak eragindako osasun larrialdia dela-eta Frantziako Estatuan joan den urteko urriaren 30etik daude itxita kultur ekitaldiak eskaintzen diren aretoak, zinemak eta antzokiak. Ekitaldi artistikoak jendaurrean egin ezin direnez, zuzenekoak telebista bidez emateko Culturebox izeneko katea abiatuko du telebista publiko frantsesak.

2013tik dago martxan Culturebox webgunea. Bertan, Frantziako Estatuko telebista kate publikoak kudeatzen dituen France Télévisions taldeak ekoizten dituen eduki kulturalak ikus daitezke. Orain, pauso bat harago joan eta telebista kate bilakatuko dute.

Otsailaren lehen egunetatik LTD bidez eta Internet bidez ikusi ahal izango dira, besteak beste, kontzertuak, ikuskizunak eta antzezlanak, eta baita “kultur munduko eragileekin hitzorduak” ere. Telebista publikoko beste kateetan emandako saio kulturalen errepikapenak, jaialdietan grabatutako saioak eta aurretik argitaratu gabeko emanaldiak ere eskainiko ditu kateak.

France Télévisions taldearen lehendakari Delphine Ernottek adierazi duenez, “artistak euren publikoarekin berriz elkartu eta arte guztiei ahalik eta ikusgarritasun handiena emateko” asmoz sortu dute telebista katea. Ez da ohiko telebista katea izango, ordea. Izan ere, Ernottek adierazi duenez, aretoak berriro ere zabalduko direnean eten egingo dute.

Orotara 5 milioi euro inguruko kostua izango du Culturebox kateak, baina, diotenez, ez dute horretarako propio diru publiko gehiago eskatuko. Publizitaterik ez du izango, baina babesleen laguntzaz osatuko dute finantzaketa.