argia.eus
INPRIMATU
CSNren “obskurantismoa” salatu du Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak Bruselan
  • Gardentasun Nuklearraren Behatokiak gonbidatuta, Arabako ahaldun nagusiak Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren (CSN) "obskurantismoa" salatu du Europako Legebiltzarrean, eta ez direla betetzen ari ere segurtasun nuklearrari buruzko zuzentarauak.

     

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko otsailaren 06a

Ramiro Gonzalezek aipatu ditu segurtasun nuklearrari buruzko 2009ko eta 2014ko Euratom zuzentarauak. Hauen arabera, estatuek nahikoa informazio eman behar diete herritarrei, oro har, eta batez ere eskumen esparruak dauzkatenei, segurtasun nuklearraren araubideari buruz. Gainera, zuzentarau horiek diote behar beste aukera eman behar direla benetan parte hartu ahal izateko instalazio nuklearretarako baimenak emateari buruzko erabakien prozesuan.

Ramiro Gonzalezek salatu du CSN "modu obskurantistan" jarduten ari dela, ez duela inolako argibiderik ematen, eta Arabak ez duela inolako aukerarik izan erabakian parte hartzeko. “Ni buru nauen gobernuak ez du inoiz sarbiderik izan zentral nuklear honen jarduna luzatzeari buruzko informaziora. Hortaz, Europako zuzentarauak nabarmen ez betetzeari buruz ari gara. Gardentasuna aldarrikatzen dugu Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren eztabaidetan. Ez baita egon”, esan du.

Albiste hau Arabako Alean argitaratu da eta CC by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra