Uztailaren 1etik 3ra Lekorneko Garro eremuan ospatuko den Euskal Herria Zuzenean festibalak aurtengo egitarauaren berri eman du.
Crystal Fighters euskal sustraidun talde britainiarra da aurtengo kartelean nabarmentzen den izena. 2013an Zugarramurdiko koban egindako kontzertuarekin mundu guztiaren ahotan izan ziren Cave rave euren bigarren diskoa argitaratu ondotik. Elektronika eta folka uztartuz, proposamen dantzagarria da aurtengo EHZko talde nagusia.
Euskal Herriko eszenan aski ezagunak diren beste hainbat proposamen ere ez dira faltako. Fermin Muguruzak, adibidez, bere ibilbidea markatu duten kantuak berriz bisitatuko ditu kutsu beltza emanez, horretarako antolatu duen New Orleans Basque Orkestra lagun duela.
Lekorne bertakoa den talde batek ere emango du zeresana: Willis Drummond berriz ere eszenatokian ikusteko parada eskainiko du EHZk. 2014ko azaroan agur esan zutenetik agerraldi puntualak egin dituzte eta, beste notiziarik ezean, horietako bat izango da EHZkoa –festibalaren kanta ere egindakoak dira 2013an–.
Belakoren post-punk freskoak, Eskean Kristö, Niña Coyote eta Chico Tornado edo El_Txef_A bezalako artistek osatzen dute, besteak beste, oraingoz ezagutzen dugun egitaraua.
Askotariko eskaintza eta sarrerak merkeago
Hain ezagunak izan ez arren publikoa harritzeko gaitasuna izango duten beste hainbat musikari ere programatuko dira aurten, talde berrientzako erakusleiho izateko jarreran ere festibal handien alternatiba direla erakutsiz.
Musikaz gain, eztabaida-gunea ere izango du festibalak. Aurreratu dutenez, aurten Notre-Dame-des-Landeseko ZAD komunal erresistentea nola antolatu duten aurkeztera etorriko hango zenbait lagun.
Hori guztia eta gehiago, sarrera merketuta: hiru eguneko bonoak 50 euroko prezioa izango du 2016ko edizioan aurrez erosiz gero. “Jendarte ideala” sortzeko helburuarekin lan egiten duen jaialdiak bertaratu nahi duenari gauzak erraztu nahi dizkie horren bidez.