argia.eus
INPRIMATU
Cruas-Meysseko zentral nuklearraren segurtasun falta agerian utzi du Greenpeacek
  • Greenpeaceko 22 militante Cruas-Meysseko zentral nuklearrean (Ardècheko departamentuan) sartu dira astearte goizeko seiak aldera, haren segurtasunik eza agerian utzi nahian. Erabilitako erregai erradioaktiboaren biltegietako bateko horman eskegi dute euren burua haietako lauk, eta leherketa baten soinua irudikatzen duten irudiak proiektatu dituzte.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko azaroaren 28a
(Argazkia: Greenpeace)

“Erregai biltegiak izan arren zentral nuklear batean erradioaktibitate gehien dagoen gunea, ez daude babestuta kanpoko eraso baten aurrean”, salatu du talde ekologistak. Azaldu dutenez, hamar minutu aski izan dute zentralean sartzeko, eta bertako arduradunek ez dute ezer egin.

Greenpeacen esanetan, Frantziako Segurtasun Nuklearreko Agintaritzak (ASN) onartu du erabilitako erregai biltegiak arazo larria direla. Alta, instalazioen zaintza bere eskumenetatik kanpo dagoela argudiatu du ASNk. Hala, EDF estatuko konpainia elektrikoari dagokio zeregin hori, baina ez da neurri egokirik hartzen ari, ekologisten iritziz.

Gaiari buruzko ardura duten erakundeei segurtasun eskasaz ohartarazten duen txostena igorri die Grenpeacek, aditu independenteek egindakoa. Ez da egite duten mota honetako lehenengo ekintza. Urrian Cattenomeko (Lorraine) zentralera sartu ziren taldeko 23 kide. Urtarrilaren 3an epaituko dituzte ekintza hargatik, eta bost urteko espetxe zigorra eta 75.000 eroko isun eskatu dute haientzat.