argia.eus
INPRIMATU
Cristina Uriarte: “Ez dugu euskararen kalterako aldaketarik onartuko”
  • Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza, Kultura eta Hezkuntza kontseilariak Werten erreformarekiko desadostasuna azaldu du: “Gure neurriak hartu behar ditugu hezkuntza sisteman aurrera egiteko, eta ez atzera”.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2012ko abenduaren 20a
Cristina Uriarte izan zen atzo hezkuntza erreformaren inguruko bileran, Wertek deiturikoa

Wert erkidegoetako ordezkariekin bildu zen atzo Madrilen. Hezkuntza erreforma berriro aurkeztu zien, aldaketarik egin gabe eta bertan izan zen Uriarte: “Proposamen horrek hizkuntza, euskara, hierarkizatzen du eta ezin da gaztelaniaren mende egon. Guk behar duguna justu kontrakoa da”.

Uriartek, gaztelania hizkuntza koofizialak baino “maila altuagoan” jarri izana salatu du eta Rajoyri zuzendu zaio: “Zuentzat hizkuntza koofizialak elementu gehigarriak dira, beti ere gaztelania kaltetzen ez dutenean.”

Jaurlaritzaren izenean azpimarratu du hezkuntza sisteman aldaketak egitekotan, erkidegoetako hizkuntza nagusietan oinarrituta egin beharko liratekeela, bakoitzaren egoera soziolingistikoa aztertu eta normalizazioari “arreta” ipinita.

Erreformari proposamenak

Uriatek hainbat planteamendu aurkeztu dizkio Espainiako Hezkuntza ministroari: “Hizkuntza eta literatura koofizialak ‘enborreko’ gaiak izatea ekarpen handia litzateke. Horrela eleaniztasuna bultzatuko zenuke”. Eleaniztasuna materia gisa erabili daitekeela ere proposatu du.

Era berean, bi administrazioen arteko harremana, autonomia eta "errespetua" eskatu du. Hizkuntza gaztelarra “baztertu gabe”, baina harekiko mendekotasunik ez duen harremana eta sistema eskatu dio.