Orioko Ikastolaren alde, Kilometroak jaia ospatu dute igandean Gipuzkoako herrian. Berriki Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak LOMCEren inguruan adosturiko akordioaren garrantzia nabarmendu du bertan Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, eta gaineratu du Espainiako legea ez dela "gure ikasgeletan sartuko".
Ikasturte hasieratik, ordea, LOMCEren hainbat puntu indarrean dira EAEko ikastetxeetan. Negoziaketen bideari eusten dio Jaurlaritzak, eta akordioa positiboa bada ere, oso kritiko agertu dira hezkuntza komunitateko eragileak: akordioak ez duela balio LOMCEren oinarriei aurre egiteko, eta lorpen handitzat salduz eta legeari "aurre egiten diola irudikatuz, desaktibatu egiten duela LOMCEren aurkako mobilizazioa", salatu du Xabier Irastorza ELA sindikatuko kideak.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere LOMCE izan du hizpide, halako erasoen aurrean Euskal Herriak aurrera egingo duela adieraziz. Ikastolen elkartasun, berrikuntza eta kalitate balioak ere azpimarratu ditu.
Azkenik, Arantza Manterola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak hezkuntza eredu propioa defendatu du eta elkartasuna adierazi die okerren dauden ikastolei, Ziburu, Argantzu eta Erriberakoak gogoan.
Aurreikuspenak gaindituta
Josu Erguin Kilometroak jaiaren sortzaileak eta Antonio Campos Orioko Herri Ikastolako lehen lehendakariak eman zioten hasiera jaiari. Goizean euria egin bazuen ere, gerora jaun eta jabe izan zen eguzkiak lagunduta, jende kopuruan aurreikuspen guztiak bete zituzten.
Lehenengo promozioko gurasoak eta Anjel Lertxundi idazlea omendu zituen Ikastolak. Datorren urterako lekukoa berriz, Usurbilek hartu du.
Erria Txikota!
Itsasora joateko garrasia da Erria Txikota eta berau izan da Kilometroak jaiaren leloa. Izan ere, Orioko hizkera eta esamoldeak (bereziki itsasoari lotutakoak) lantzea eta berreskuratzea izan da ikasturteko helburuetako bat.
Herriko ikastetxeak elkarlanean prestatzen ari diren Orioko Curriculumean ere oso kontuan dute gaia.