Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera 3. mailako azterketekin “erabilpen politikoa” egin da. Hurrengo urtean Heziberrik aurreikusitako ebaluazio diagnostikoekin jarraitzeko asmoa agertu du Legebiltzarrean.
Azkeneko egunotan LOMCEk agindutako Lehen Hezkuntzako 3. mailako azterketen kontra mobilizazio eta planto ugari izan dira hezkuntza komunitatean, makina bat ikastetxetan azterketa bertan behera utzi behar izan du Eusko Jaurlaritzak, gurasoek haurrak eraman ez dituztelako. Orain artean Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua isilik egon da, eragile horien jarrerari “jokoa ez egiteko”. Gaur Eusko Legebiltzarrean hitz egin du azkenean.
Belen Arrondo EH Bilduko parlamentariaren galdera bati erantzunez, Uriartek azaldu du egindako proba horien emaitzak aztertu eta hurrengo urteko ebaluazio diagnostikoa garatzeko balioko diela.
“Erabilpen politikoa”
Sailburuak Arrondori esan dio “familiak nahasten” eta “indarrak alferrik galtzen” ari direla eta azterketen gaiari “erabilpen politikoa” egitea egotzi dio.
Uriartek gogorarazi du Heziberri plana egiterakoan 3. mailako azterketen inguruan EH Bilduk ez zuela ezer esan: “Ekarpenen garaia amaitu da, orain Heziberri garatu behar da”.
EH Bilduko kidearen esanetan sailburua oker dabil “uste badu hau guztia guk bultzatu dugula”. Bere ustez, hezkuntza eragileek ez dituzte Uriarteren baieztapen horiek ulertuko. Arrondok gaineratu du Eusko Jaurlaritzak kontrako esan arren, “LOMCEk dioena betetzen” ari dela.