argia.eus
INPRIMATU
Cristina Garmendiaren enpresek maileguak jaso zituzten bere ministeriotik hura ministro zenean
  • Zientzia eta Berrikuntza ministro ohi Cristina Garmendia donostiarraren enpresek bere ministeriotik maileguak jaso zituzten hura karguan zegoenean, Voz Populik informatu duenez.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 31

2011ko maiatzaren 23an Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak hitzarmena sinatu zuen Madrilgo Erkidegoarekin berrikuntza arloko enpresak finantzatzeko. Ministerioak finantziazioa jarri zuen eta Madrileko Erkidegoak hautatutako elkarte bat, Madrid Network, finantziazioa banatzeaz arduratu zen. Denera 92 milioi euro banatu zituzten 47 proiektutan.

Garmendiaren hainbat enpresak maileguak jaso zituzten finantziazio horretatik: Sygnis Biotechek 600.000 eurokoa, eta Coretherapixek 940.000 eurokoa. Bestalde, hitzarmena egin baino hiru hilabete lehenago, 2011ko otsailean, Garmendiaren enpresa nagusi Cellerix batu egin zen Tigenix enpresa belgikarrarekin, eta batura horretatik ateratako enpresak 5,93 milioi euroko jaso zituen maileguan.

Garmendiak 2011ko azaroan utzi zuen ministerioa, hauteskunde orokorren ostean, eta bere enpresetan lan egitera itzuli zen. 2012ko uztailean, baina, Madrid Networken aholkularitza kontseiluan sartu zen, hau da, bere ministerioak jarritako dirua bere enpresei mailegatu zien elkarteko aholkularitza kontseiluan.

Gipuzkoa Garaile lobbyko kide

Cristina Garmendia Gipuzkoa Garaile enpresa lobbyko kidea da. Lobby hori 2015eko martxoan sortu zen, 2015an Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian egindako udal hauteskundeen aurretik.