ARGIAk webgunea berrituko duela baliatuko du bere edukien lizentziak aldatu eta hauei Creative Commons izaera emateko. Abenduaren 3tik aurrera, beraz, ARGIAko edukiak Creative Commons Aitortu - Partekatu lizentziapean argitaratuko dira. Horri esker, medio honek argitaratutako materiala hartu, moldatu, kopiatu eta publikatu ahal izango du edonork, beti ere egilea Argia eta kazetaria aitortuz gero, eta edukiak zabaltzeko lizentzia bera erabiltzen badu.
Eduki batzuk salbuetsita izango dira, hala nola, agentzietatik jasotzen ditugun argazkiak, eta hauek salbuespen oharrak eramango dituzte.
Zergatik aldaketa hau?
Arrazoi nagusia euskarazko edukien zabalkundea erraztea eta areagotzea da, hori euskararentzat eta euskaldunontzat onuragarria izango delakoan. Egungo bere egoeragatik, euskarak jadanik baditu nahiko arazo munduratu eta zabaltzeko, eta guk zabalkunde hori lagundu nahi dugu, horretarako gure edukien erabilera erraztuz eta bultzatuz. Adibidez, aurrerantzean euskarazko Wikipediak gure edukiak erabili ahal izango ditu bereak hornitzeko. Aldi berean, sortzailea eta euskarriari dagokien aitortza babestua legoke.
ARGIAren funtzio nagusia komunikazioarena da eta zeregin hori kazetaritzatik lantzen du. Gure edukien irekitze honek gure hizkuntz komunitatea trinkotu, sendotu eta aberastu egiten du. Edukien zabalkunderako zenbat eta erraztasun gehiago eman, are eta errazago beteko da gure funtzio sozial hori. Aldaketa honetan, bai guk bai euskarak, galtzeko baino irabazteko gehiago dugu.