Lizentziaren sustatzaileek iragarri dutenez, bere gain hartuko dute Open COVID konpromisoaren gidaritza eta administrazioa, pandemiari aurre egiteko beharrezkoa den ezagutza domeinu publikora eramateko.
Urte honen hasieran, Creative Commonsek indarrak batu zituen nazioarteko ikertzaile, zientzialari, akademiko eta abokatu talde batekin, COVID-19aren aurkako borrokan laguntzeko erabil daitezkeen diagnostikoen, txertoen, terapien, ekipo medikoen eta software-soluzioen garapena bizkortzeko. Open COVID Pledge proiektua izan zen horren emaitza. Creative Commonsek azaldu duenez, "egitasmoak modu erraza eskaintzen du unibertsitateek, enpresek eta bestelakoek euren patenteak zein egile-eskubideak publikoaren eskura jar ditzaten, egungo osasun publikoaren krisian doan erabiltzeko".
CC lizentziaren erabiltzaileek ekimenaren norabidea susma dezakete, izan ere, Open COVID Pledge-k, CC berak bezala, doako lizentzia publiko estandarrak eskaintzen ditu, edonork erabil ditzakeenak. Hala, ezagutza zabaltzeko beharrezkoak ez diren jabego intelektual pribatuaren oztopoak baztertu egiten dira.
“Enpresa handiekin lanean jarraituko dugu beren jabetza intelektualeko eskubideak desblokeatzeko”, aitortu dute lizentziaren bultzatzaileek. Bidenabar, sortzen ari diren enpresa txikiagoekin, unibertsitateekin eta banakako berritzaileekin ere elkartzea dute helburu, “bereziki gaur egungo emaileen eta proiektuaren aldekoen zerrendak ondo ordezkatzen ez dituen eta COVID-19ren aurkako borrokarako patenteak eta beste jabetza intelektual kritiko bat duten munduko zenbait lekutan”.
Horretarako, jabetza intelektualeko politiketan eta egile-eskubideetan lan egiten duten nazioarteko erakunde liderrekin ere hitz egingo dute, hala nola, OMErekin eta NBEko beste erakunde batzuekin. Esperientzia eta Creative Commons Global Network-ekin dituzten “harreman sakonak” ere probestea aurreikusten dute.
Euren ustez, egitasmoak “eragin sakona” izan dezake COVID-19 pandemiatik haratago, izan ere, ziur daude krisi honetan zehar metatutako tresnak “eredu” izan daitezkeela beste larrialdi batzuei aurre egiteko; klima-aldaketaren aurka, esaterako.